Ekonomia -

Bilera Gasteizen

Eusko Jaurlaritzaren proposamena 'nahikoa ez' dela uste dute sindikatuek

Proposatutako soldata igoera “eskasa” kritikatu du ELAk. LAB sentsazioa “nahiko negatiboarekin” atera da bileratik, eta CCOOk “aurrerapauso gutxi” ikusten du.

LABen elkarretaratzea Eusko Jaurlaritzako egoitzaren aurrean, Gasteizen. Argazkia: EFE
LABen elkarretaratzea Eusko Jaurlaritzako egoitzaren aurrean, Gasteizen. Argazkia: EFE
Eusko Jaurlaritzaren proposamena 'nahikoa ez' dela uste dute sindikatuek

1:33

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko behargin publikoen lan baldintzen inguruan Eusko Jaurlaritzak egindako proposamena “nahikoa ez” dela uste dute sindikatuek. Soldata igoera handiagoa eta krisi ekonomikoan zehar galdutako eskubide guztiak berreskuratzea eskatu dute.

Funtzio Publikoaren Mahai Orokorra Gasteizen bildu da gaur, erkidegoko Administrazioaren 70.000 beharginen lan baldintzak negoziatzeko. Horrela, Eusko Jaurlaritzak eta Administrazio orokor (Lakua), Hezkuntza, Osakidetza, Segurtasun eta Justiziako langileen ordezkariek bilera egin dute.

Urtea % 1,75eko soldata igoerarekin bukatzea eta azarotik aurrera Itzarriri % 1eko ekarpena egitea proposatu du Exekutiboak; baita bajako lehen egunetik % 100 kobratzea ere. 2019an, % 2,25 soldata igoera planteatu du Jaurlaritzak, eta soldataren % 1,5eko ekarpena Itzarriri.

Proposatutako soldata igoera “erabat eskasa” dela nabarmendu du ELAk bilera amaitu ondoren. PPren Gobernuak UGT, CCOO eta CSIF sindikatuekin Madrilen sinatu zuten akordioa Jaurlaritzak “bere” egin duela salatu du sindikatu abertzaleak. “KPIri erreferentziarik” ez egitea kritikatu du ELAk, “erosteko ahalmena berriro galtzea ekar dezakeelako”. Zentzu horretan, langileek “azken urteetan % 15eko galera” pairatu dutela gogorarazi du.

IGOR EIZAGIRRE FUNTZIO PUBLIKOA ELA ORDEZKARIA

IGOR EIZAGIRRE FUNTZIO PUBLIKOA ELA ORDEZKARIA

Igor Eizagirre ELAko bozeramailea Eusko Jaurlaritzaren egoitza aurrean, Gasteizen. Argazkia: EFE

Bileratik sentsazio “nahiko negatiboarekin” atera dela esan du Gorka Berasategik (LAB). “Egiturazko” gaiak, lanpostuen kontsolidazioa eta “langileekin duten zorra” (azken urteetan galdutako erosteko ahalmenagatik) esaterako, “trabaturik” daude, adierazi duenez.

Jaurlaritzaren planteamenduan “aurrerapauso gutxi” ikusi du CCOOk, “krisi eta murrizketa urteetan galdutako erosahalmena berreskuratzetik urrun daudelako, eta KPI (% 2,2) estaltzeko nahikoa ez delako”. Itzarriko ekarpenari dagokionean, iritzi berekoa da sindikatua.

Era berean, Eusko Jaurlaritzak proposatutako soldata igoera “urria” dela uste du Arantza Agote UGTko ordezkariak. Gainera, “galdutako erosteko ahalmena berrekuratzeko negoziazioari” ez diote erreferentziarik egiten, erantsi duenez. Zentzu horretan, “langileekin duten zorra aitortzen hasteko” asmorik ez du ikusten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza ELA LAB Euskal Autonomia Erkidegoa Funtzionarioak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Soldatak gaur