Ekonomia -
RENOVE PLANA
Eusko Jaurlaritzak 4,6 milioi euro bideratuko ditu industrialdeak berritzeko
Renove plan honekin, industrialde eta jarduera ekonomikoko guneetako azpiegiturak eta horien lehiakortasuna hobetu nahi ditu, horien kudeaketa integraletik.
EITB.EUS
Eusko Jaurlaritzak "EAEko jarduera ekonomikoko guneetako, enpresa-parkeetako eta industrialdeetako Renove Plana" onartu du. Horren bidez, 4,6 milioi euro bideratuko ditu industrialde eta jarduera ekonomikoko guneetako azpiegiturak eta lehiakortasuna hobetzeko laguntzak finantzatzera, horien kudeaketa integraletik.
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak gaur goizean aurkeztu du Renove plana, Donostian, Zuatzu enpresa parkean eginiko ekitaldian. Sailburuarekin batera, Javier Zarraonandia Industria sailburuordea, Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia eta Alex Arriola SPRIko zuzendari nagusi eta Sprilurreko presidentea izan dira bertan.
Tapia sailburuak azaldu duenez, Renove plan honen bidez, Eusko Jaurlaritzak "jarduera ekonomikoko guneetako, enpresa-parkeetako eta industrialdeetako efizientzia energetikoko eta energia berriztagarrietako jarduketa eta inbertsioak bultzatu nahi ditu, eta berrurbanizazioko, birsorkuntzako, errehabilitazioko eta urbanizazio publiko eta pribatuko guneen hobekuntzako proiektu eta jarduketak exekutatu".
Plana udalei eta beste toki-administrazio batzuei, jabe-erkidegoei, enpresaburuen elkarteei eta banakako edo elkarlaneko enpresei zuzentzen zaie.
Sprilur Industri Lurzoruaren Sustapen eta Kudeaketarako Sozietateak (4,6 milioi euro) izango du plan horretara bideratutako baliabide ekonomikoak kudeatzeko ardura. Laguntzen deialdi publikoa egingo dute, urtero, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) eta Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietateak (SPRI).