Ekonomia -
Lan-istripua, Gasteizen
Correosko langilea harrapatu zuen gidariak negatibo eman du droga eta alkohol proban
Istripua Jundizko industrialdean gertatu zen, eta langilea gutunak motorrez banatzen ari zenean harrapatu zuen furgonetak.
Agentziak | Erredakzioa
Asteartean Gasteizen Correosko langilea harrapatu zuen furgonetaren gidariak negatibo eman du, droga- eta alkohol-probetan, Udaltzaingoak jakinarazi duenez. Furgonetak aurretik eraman zuen motorrez zihoan 39 urteko emakumea, eta bertan hil zen.
Istripua 12:21ean gertatu zen, Zuazobidea eta Zorrolleta kaleen arteko bidegurutzean, Jundizko industrialdean, Correosko langilea gutunak motorrez banatzen ari zenean.
Larrialdietako zerbitzuak berehala bertaratu ziren, baina emakumearen heriotza baieztatu besterik ezin izan zuten egin.
Furgonetaren gidariak polizia-etxean deklaratu zuen, eta negatibo eman zuen alkoholemia- eta droga-probetan. Udaltzaingoak ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko.
Azken egunotan, bi lan-istripu izan dira Gasteizen. Lehenengoan, igandean, Michelin enpresako langile bat zauritu zen, pneumatiko handiak egosteko tailerrean lanean ari zela plataforma igogailu baten eta eskailera batzuen hesiaren artean harrapatuta geratu baitzen. Koman zegoen ordutik, eta asteartean hil da, lan-istripuan egindako lesio larrien ondorioz. Bigarrenean, berriz, esan bezala, Correosko langile bat hil da, asteartean.