Ekonomia -

Hartzekodunen konkurtsoa

Kukuxumusuren banatzailea, likidazioan

Enpresak milioi bateko zorra du Ogasunarekin. Hiru dendatik bi itxita daude, eta zituen 30 langileetatik 27 kaleratu egin dituzte.

Kukuxumusuren webgunetik hartutako irudia.
Kukuxumusuren webgunetik hartutako irudia.
Kukuxumusuren webgunetik hartutako irudia.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Univers Paloseco Kukuxumusuren enpresa banatzaileak milioi bateko zorra du Ogasunarekin. Enpresak ezin izan dio aurre egin, eta udaberritik, hartzekodunen konkurtsoan dago. Orain, likidazio fasean murgilduta dago.

Egoera horretan, markak zituen hiru dendetatik bakarra dago zabalik: Iruñeko Mercaderes kalekoa, baina irailera arte egongo da irekita, likidazioari aurre egiteko funtsak lortzeko asmoz. Estafeta kaleko denda mitikoa, markak 1989an zabaldu zuen lehena, itxita dago, baita Donostian zuena ere.

Langileei dagokienez, zituen 30etatik hiru bakarrik daude jardunean. 20 bat uztailean kaleratu zituzten, eta beste zazpi, abuztuaren 1ean. Denek jaso dute soldata, baina dagokien kalte-ordaina Fogasari eskatu beharko diote.

Milioi bateko zorra

Ikono bilakatu zen markaren amaiera tristea da honakoa. 2014an zarratzeko zorian egon zen. Urte hartan akziodun berriak sartu ziren enpresan, tartean Ricardo Bermejo diseinatzailea. Eraberritze hura arnasgune txikia izan zen enpresarentzat, handik bi urtera polemika piztu zelako berriro: Mikel Urmeneta ika-miken artean atera zen enpresatik, eta marka berria sortu zuen. Marrazkien egiletzaren inguruko desadostasunek ere epaitegietan bukatu dute.

Zorra 2001-2004 urteen arteko epeari dagokio, Kuxukumusu Urmenetak kudeatzen zuenekoari. Ogasunak ebatzi zuen Univers Palosecori zegokiola zorra kitatzea, akziodunak aldatuta ere, enpresak jarraipena zuela iritzita.

Kukuxumusuren sare sozialak "isilik" daude uztailetik, eta webgunea ere ez dabil.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak