Ekonomia -

Lan gatazka

Gipuzkoako hondartzetako sorosleek greba mugagabea deitu dute hilaren 14tik aurrera

Gurutze Gorriak Gipuzkoako hondartzetan aritzeko kontratatutako sorosleek igerilekuetako sorosleen soldata eta ordutegi malgutasuna eskatzen dituzte.

Sorosleen postua. Argazkia: EiTB
Sorosleen postua. Argazkia: EiTB
Sorosleen postua. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA sindikatuak Gipuzkoako hondartzetako sorosleen greba mugagabea deitu du abuztuaren 14tik aurrera. Greba deialdiak Gurutze Gorriak kontratatutako langileei eragingo die.

Sindikatuak ohar baten bidez azaldu duenez, atzo sorosleekin izandako bileran erabaki zuten greba mugagabea abiatzea.

"Hilabetetan Gurutze Gorriarekin negoziatu eta uztailaren amaieran hiru eguneko greba egin ostean" iritsi da greba egiteko deialdi berria, ELAren esanetan.

Maddi Aspiazu ELAren bozeramaileak irakurri du greba iragartzeko mezua. Sorosleek greba mugagabea hasteko "erabaki irmoa" hartua dutela azpimarratu du, eta aldarrikapenak "argiak" direla: soldata igoera, atsedenaldien, egutegien eta oporren antolaketa, eta lanpostuaren egonkortasuna.

"Hamar orduko lanaldiak bazkaltzeko 20 minutuko atsedenarekin", langile kopuru eskasa eta igerilekuetako lankideek baino soldata baxuagoa izatea dira profesional horiek egin dituzten kexetako batzuk.

Donostiako, Zumaiako, Getariako eta Orioko sorosleek (horiei eragiten die grebak) udalen jarrera ere kritikatu dute, hondartzetako sorosle zerbitzuaren arduradunak direlakoan, eta ondorioz, "lan horiek egiten dituzten beharginen prekarietatearen" errudun ere badirelakoan.

Hala, Gurutze Gorriari eta udalei eskatu diete "negoziazioa serio hartzeko eta akordioetara iristeko esfortzua egiteko".

"Urrats horiek egiten ez badituzte eta akordioak lortzen ez baditugu, Gipuzkoako hondartzetako sorosleek greba mugagabea hasiko dute abuztuaren 14an", ohartarazi du.

Aspiazuk azaldu duenez, uztailaren amaieran egindako hiru eguneko lanuztean sorosleek bandera gorria jarri zuten, erabiltzaileen segurtasuna ez zegoelako bermatuta. Uretan sartzea erabakitzen zutenek, beraz, euren ardurapean egiten zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Gipuzkoa ELA Grebak albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Ekonomia Gaurko azken orduko albistea Sindikatuak Espainian Zarauzko hondartza albisteak Euskal herriko hondartzak Ondarreta Donostia Kontxako hondartza albisteak Lan gatazkak gaur