Ekonomia -

Nafarroa

Belateko eta Almandozko tunelak (N-121-A) itxi dituzte lanak egiteko

Belateko mendate zaharretik bideratuko dute trafikoa, gomendioa A-15a erabiltzea bada ere. Ibilgailu astunentzat hainbat muga ezarri dituzte.

Belateko tunela N-121 errepidean. Juan Lameirinhasen argazkia.
Belateko tunela N-121 errepidean. Juan Lameirinhasen argazkia.
Belateko tunela N-121 errepidean. Juan Lameirinhasen argazkia.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astelehen honetatik itxita daude Belateko eta Almandozko tunelak (N-121-A), Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez. Azaroaren amaierara arte, azpiegiturotan lanak egin behar dituzte, Europako segurtasun-araudira egokitzeko. Egokitze-lanak 2019ko maiatzerako egin behar dituzte 500 metrotik gorako tunel guztietan.

Bost milioi euroko aurrekontuarekin, Belateko tunelean bi bazterbide egin behar dituzte, zirkulazioaren noranzko bakoitzean bat, larrialdi-kasuan ibilgailuak geratzeko. Bi bazterbide horiek lehendik dauden beste lauri (noranzko bakoitzean bi) gehituko zaizkie. Izan ere, Europako araudiak bazterbide bat eskatzen du 500 metro bakoitzeko. Belateko tunelak 2.960 metroko luzera duenez, sei bazterbide behar ditu.

Almandozko tunelak 1.210 metro ditu eta eskakizun hori betetzen du, bazterbide bat baitu noranzko bakoitzean.

Halaber, likido toxiko eta sukoiak kanporatzeko drainatze-sistema jarriko da, eta suarekiko erresistentea den kable berria bi noranzkoetan.

Mugak kamioentzat

Ibilgailu guztiei A-15 autobidetik joateko gomendioa eman die Foru Gobernuak.

Dena dela, Belateko mendate zaharretik (NA-1210) joatekotan hainbat muga ezarri dizkie ibilgailu astunei. Hala, matrikularen arabera, aste batean debekatuta izango dute kamioi batzuek errepide hori erabiltzea. 06:00etatik 22:00etara, matrikula bakoitia duten ibilgailu astunak bakarrik igaro ahalko dira. Hurrengoan, bikoitidunak.

 

 

Horrez gain, eta NA-1210 errepideko trafikoa arintzeko eta araututako gainerako neurriak bideratzeko, kamioiek ez dute bidesaririk ordainduko Zuastiko bidesarian, Nafarroako Gobernuak eta Audenasa autobidearen emakidadun enpresak adostutako hitzarmenari esker.

Horrela, Zuastiko bidesarian ordaintzen dituzten 1,5 eta 3,8 euro arteko tarifak aurreztuko dituzte kamioilariek. Txartel edo VIA-T bidez ordaindu beharko dute, dirutan egin beharrean, eta horren kostua (ia 700.000 eurokoa) Foru Gobernuak hartuko du bere gain.

Informazio eguneratua

Foru Gobernuak informazio kanpaina berezia jarri du martxan lau hizkuntzatan, mugaren bi aldeetan oihartzuna izan dezan.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Nafarroa Ekonomia Albisteak Gaur Albisteak