Ekonomia -

Biurtekoa BEC-en

Urkulluk 'egonkortasun' instituzionala defendatu du inbertsioari eutsi ahal izateko

Makina-Erremintaren Biurtekoaren 30. edizioa inauguratu du lehendakariak. Azpimarratu duenez, 2020rako euskal industriak ekonomian duen pisua % 25etik gorakoa izatea espero du.

Urkullu, Tapia eta San Jose sailburuan, aurten Biurtekoan. EFE
BIEMH 2018. EFE
Urkullu, Tapia eta San Jose sailburuan, aurten Biurtekoan. EFE

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu duenez, "egonkortasun instituzionalak inbertsioari eusten eta ekonomia produktiboa babesten laguntzen du".

BEC-en egunotan egin behar duten Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoaren 30. edizioa inauguratu du lehendakariak. Bertan adierazi duenez, "egonkortasuna, partekatutako estrategia eta sektore publiko zein pribatuaren lankidetza gako dira hazkunde ekonomikoari eusteko eta kalitatezko enplegua sortzen jarraitzeko".

Urkulluren hitzetan, Biurtekoa hazkunde ekonomiko orokorraren unean iritsi dela, bereziki industriari eta makina-erremintaren sektoreari dagokienez. Era berean, azpimarratu du industriaren pisua ekonomian % 24,2ra iritsi berri dela, eta asmoa duela 2020. urtean haren ekarpena % 25etik gorakoa izateko helburuari eusteko. "Sektore hau protagonista da berrikuntzan eta nazioartekotzean, eta giza baliabideen trebakuntza profesional, teknologiko eta digitalean. Gure ahalmen esportatzailearen eta merkatu globaleko presentziaren erreferentea da", adierazi du.

Lehendakariak azaldu duenez, makina-erremintaren sektorean berrikuntzan munduko erreferente izatea du helburu Euskadik. Bide horretan teknologiaren, digitalizazioaren eta "4.0 industriaren" aldeko apustua egin behar dela azpimarratu du. Gainera, nabarmendu du 4.0 industrian makinek hartzen duten protagonismoa gorabehera, lidergoa "ondo prestatutako eta kualifikatutako pertsonei" esker lortzen dela bakarrik.

BIENAL MAQUINA HERRAMIENTA 2018 BIEMH MAKINA ERREMINTA BIURTEKOA BEC

Urkullu eta Tapia, euskal erakundeetako beste ordezkari batzuekin. Argazkia: EFE

"Egonkortasuna, estrategia eta lankidetza oinarrizkoak dira ekonomia hazteko eta kalitatezko enplegua sortzeko joerari eusteko. Hori da lortu nahi dugun eta horregatik egiten dugu lan elkarrekin", esan du Urkullu lehendakariak amaitzeko.

Ekainaren 1era arte, 21 herrialdeetatik etorritako 1.751 enpresak euren produktu eta makinak erakutsiko dituzte Barakaldoko erakustazokan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu Bilbao Exhibition Centre Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak