Ekonomia -
Krisiari aurre egiteko
Zapatero: 'Erreformak egiteko konpromisoa irmoa eta behin betikoa da'
Bestalde, Zapateroren jokabidea txalotu du Herman Van Rompuy Kontseilu Europarreko presidenteak, "kemen eta ausardia politikoa" azaldu dituelako eta "zezenari adarretatik heldu diolako".
Erredakzioa
Egiturazko erreformekin duen "behin betiko" konpromiso "irmoa" azpimarratu du Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidenteak, eta euroa egonkortzeko erantzukizuna eskatu die Europako Estatu guztiei. Krisiaren "azken bihurgunean" gaudela adierazi du Zapaterok.
"Mendiko errepide bihurgunetsu eta estu baten antza du krisiaren aurkako borrokak: azken bihurgunea atzean utzi dugu, baita irrist egiteko arriskua ere, eta hurrengo bihurgunearen arriskuarekin topo egin dugu", adierazi du Exekutiboko buruzagiak. Nueva Economia Forum saria eman diote Herman Van Rompuy Kontseilu Europarreko presidenteari eta ekitaldi horretan egin ditu adierazpenak Zapaterok.
Aldez aurretik, Espainiak lan-merkatuaren eta pentsioen erreforman sakondu behar duela esan du Jean-Claude Trichet Europako Banku Zentraleko presidenteak. Konpromisoetan zalantzarik izango ez duela argi utzi du Zapaterok eta Europako Estatu guztien lankidetza eskatu du euroa egonkortzeko.
Van Rompuy
Bestalde, Zapateroren jokabidea txalotu du Herman Van Rompuy Kontseilu Europarreko presidenteak, "kemen eta ausardia politikoa" azaldu dituelako eta krisiari aurre egiteko "zezenari adarretatik heldu diolako".
"Ausardia eta kemen handia beharrezko zituzten erabakiak hartu ditu Espainiako Gobernuak ekonomiari laguntzeko. Udaberrian egin zuen eta egin berri du. Egoera egonkortzeko berebizikoa izan da", erantsi du.