Ekonomia -
ETXEBIZITZA
Arriolak neurriak iragarri ditu alokairuko etxebizitzen prezio gorabeheren aurrean
Ingurumen, Lurralde Politika eta Etxebizitza sailburuak aurreratu duenez, bere sailak zerga alorrean neurriak hartuko ditu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Politika eta Etxebizitza sailburuak zerga alorrean neurriak iragarri ditu balizko "higiezinen burbuila" berriari eta alokairuko etxebizitzen merkatuaren prezio gorabeherei aurre egiteko.
Azaldu duenez, oraingoz, proposamen hutsa da eta hausnarketa fasean dagoen zerbait da. Dena den, bere garaian Euskal Autonomia Erkidegoko Zergak Koordinatzeko Organoari helaraziko zaio eta aldi berean Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailarekin eta hiru foru diputazioekin kontrastatuko da, fiskalitate alorrean eskumena eurena baita.
Arriolak Forum Europa-Tribuna Euskadi jardunaldian parte hartu du Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiarekin batera eta bertan egin du iragarpena.
Zerga alorreko neurriez gain eta alokairuko etxebizitzen merkatuaren "burbuila" geldiarazteko asmoz, Hiri Errentamenduen Legea aldatzea eta alokairu-kontratuen epea hirutik bost urtera moldatzea proposatu du. Azken aldaketa horrekin, Arriolaren esanetan, egonkortasun eta ziurtasun handiagoa emango litzaioke maizterraren eta errentarien arteko harremanari.
Halaber, alokairuko etxebizitzetarako, egoeraren eta ezaugarrien arabera, Udalekin lankidetzan, metro koadroko erreferentziazko prezioak ezartzearen alde agertu da.