Ekonomia -
EAEKo aurrekontuak
Sindikatu abertzaleek EAEko aurrekontuak gogor kritikatu dituzte
Bost soindikatuek ekitaldi bat antolatu dute datorren abenduaren 15ean, Gasteizen, gastu publikoaren murrizketaren aurka protesta egiteko.
Erredakzioa
ELA, LAB, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatu abertzaleetako ordezkariek euskal aurrekontuetan egingo diren "murrizketengatik" protesta egitera deitu dituzte herritarrak; izan ere, euren ustez, "azken hogeita hamar urteetako antisozialenak dira". Bost sindikatuek manifestazioa deitu dute datorren abenduaren 15erako, Gasteizen.
Txiki Muñoz, Ainhoa Etxaide, Belen Arrondo, Aneritz Otamendi eta Esteban Muruamendiarraz bost sindikatuen idazkari nagusiek prentsaurrekoa eskaini dute, Bilbon eta aurrekontuak gogor kritikatu dituzte. Horrez gain, politika egitkeo beste era bat badagoela defendatu dute, "langileen eta herrien interesen aldeko politika", alegia.
Muñozek gaur egungo krisi ekonomikoan sektore publikoari dagokion papera egiteari "uko egitea" eta "merkatuen eta enpresa handien baitan jokatzea" aurpegiratu die politikariei.
Egoera horren arduradun egin ditu PSE-EE eta baita EAJ ere Muñozek ; izan ere, "euren babesarekin", lan erreforma edo pentsioak izoztea bezalako neurriak martxan jartzen lagundu dute.
Horregatik, prentsaurrekoan izan diren sindikatuek "agenda aldarrikatzaile" bat sustatzeko elkarlanean arituko direla azaldu du, adierazi duenez, "mobilizaziorik ez badago beste irtenbiderik izango ez delako".
Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak, bestalde, Patxi Lopez lehendakariaren gobernuak erakundeak kapitalaren esanetara jarri dituela esan du eta krisia eragin dutenek eskatzen dioten politika egiten duela azaldu du. Horrez gain, beste eredu ekonomiko bat lortzeko, gastu sozialen eta langileen babesean inbertitzeko beharra azpimarratu du, oraingoak ez omen baitu krisitik ateratzeko balio.