Ekonomia -

Gobernuaren Kontrol saioa

Zapaterok kendu egingo du langabeen 426 euroko laguntza

Gainera, enpresa txiki eta ertainen sozietateen zerga murriztuko du, Barajaseko eta Prateko aireportuetako kudeaketa pribatizatuko du eta Estatuko loterien % 30 ere pribatizatuko dute.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri du elkarteen gaineko zerga murriztuko duela eta enpresa txikien definizioa aldatuko duela 40.000 enpresa txiki eta ertaini mesede egite aldera.

Gobernuaren kontrol saioan Mariano Rajoy PPren buruzagiari erantzunez azaldu duenez, saririk gabe geratu diren langabeen 426 euroko laguntza bertan behera utziko du otsailean, hau da, ez du epea luzatuko.

Hori horrela, zerga maila txikiena ordaintzen duten enpresen gehienezko zerga-oinarria 120.000 eurotik 300.000 eurora igoko dute. Datorren ostiralean onartuko dute neurria Ministroen Kontseiluan.

Barajasek eta Pratek, kudeaketa pribatua

Gobernuko presidenteak, era berean, Barajas eta Prat aireportuek kudeaketa pribatua izango dutela jakinarazi du.

Ekoizpen jarduerak liberalizatzeko ekintzen barruan sartu du neurri hori, eta horrez gain, Estatuko loteria eta apustuen elkartearen % 30 ere pribatizatzea aurreikusi du.

Aireportuen kudeaketan egingo duen pribatizazioa aurreikusitakoa baino handiagoa izango omen da, izan ere, hasieran % 30ekoa izan behar zen, baina gero % 49koa egitea erabaki dute.

Enpleguaren sorkuntza

Elena Salgado Gobernuko bigarren presidenteordeak esan du Zapaterok iragarritako zerga murrizketak eta pribatizazioek ekonomia eta enpleguaren sorkuntza bultzatuko dutela eta ez dutela defizita murrizteko konpromisoa aldatuko.

Kongresuko korridorean hedabideei adierazi dienez, neurri horiek ez dute datorren urtean defizita % 6ra jaisteko konpromisoa aldatuko, helburu hori "baldintzarik gabekoa" delako.

Salgadok zehaztu du neurri batzuek, 426 euroko diru-laguntza kentzeak adibidez, gastua murriztea ekarriko dutela eta beste batzuk jarduera ekonomikoa sustatuko dutela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea