Ekonomia -
Eguerditik aurrera
2018ko Aurrekontu Orokorrak defendatzeko eguna du gaur Montorok Kongresuan
EAJren bost diputatuen laguntza jaso ezean, Gobernu espainiarrak ez du babes nahikoa izango talde parlamentarioek aurkeztutako zuzenketak biharko saioan baliogabetzeko.
agentziak | erredakzioa
Cristobal Montoro Ogasun eta Funtzio Publikoaren ministroak 2018ko Estatuko Aurrekontu Orokorren proiektuaren defentsa hasiko du gaur, asteazkena, Diputatuen Kongresuan, EAJren babesaren beharrean.
EAJren bost diputatuen laguntza jaso ezean, Gobernu espainiarrak ez du babes nahikoa izango talde parlamentarioek aurkeztutako zuzenketak biharko saioan ezeztatzeko. PSOE, Unidos Podemos-En Comu Podem-En Marea, Esquerra Republicana (ERC), PDeCAT, Compromis, EH-Bildu eta Kanaria Berria taldeek eskatu dute aurrekontuen proiektua bertan behera uztea, eta Ganbera osoko botoen erdia batzen dute.
Egoera horretan, gainerako talde guztiek zuzenketen aurka bozkatzea behar du PPk, berdinketa lortzeko, eta proiektuarekin jarraitu ahal izateko. Hau da, Gobernuarentzat ez da nahikoa abstenitzea.
Ministroa 12:00etan hasiko da proiektuaren defentsarekin, denbora mugarik gabe, eta arratsaldean, banan-banan, osoko zuzenketa aurkeztu duten taldeei erantzungo die, handienetik txikienera.
PSOEren aldetik, Pedro Saurak hartuko du hitza; Unidos Podemosen hizlaria Alberto Garzon izango da, baina taldeko beste bozeramale batzuek ere hitz egingo dute. Ondoren, ERC eta Talde Mistoko ordezkariak mintzatuko dira.
Hitzaldi horiek bukatu eta gero, seguruenik ostegunean izango da, gainerako taldeei egokituko zaie hitz egitea, baita EAJri ere. Orduan jakingo da jeltzaleen jarrera zein izango den, eta gero Ciudadanos eta Alderdi Popularraren txanda izango da. Bozketak itxiko du biharko saioa.
Babesa
Bozketari begira, Rajoyren Gobernuak Ciudadanosen, Kanariar Koalizioaren, Asturias Foroaren eta UPNren babesak ditu lotuta, baina azken horrek ez du behin betiko baiezkoa eman.
EAJk, momentura arte, osoko zuzenketari uko egin dio, baina ez du esan Aurrekontuen proiektua atzera botatzeko bozkatuko ote duen.