Ekonomia -
Lan-gatazka
Productos Tubulareseko langileak eta zuzendaritza astelehenean bilduko dira berriro
Enpresak lan-erregulazioko espedientea erretiratu eta langileek greba mugagabea bertan behera utzi dutenetik, bi aldeen arteko lehenengo bilera izango da biharkoa.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Productos Tubulareseko langileak eta enpresa-zuzendaritza astelehen honetan bilduko dira berriro. Enpresak lan-erregulazioko espedientea erretiratu eta langileek greba mugagabea bertan behera utzi dutenetik, bi aldeen arteko lehenengo bilera izango da biharkoa.
Bilera 12:00etan izango da, Trapagarango enpresaren egoitzan bertan, enpresa-batzordeko iturriek jakinarazi dutenez.
Trapagarango 157 langile kaleratzeko lan-erregulazioko espedientea eta iragarritako gainerako doikuntza neurriak (soldatak murriztea, lanordu-kopurua handitzea eta Sestaoko altzairu-lantegia ixtea, besteak beste) erretiratu zituen joan den astean Productos Tubulares konpainiak.
Konponbidea bilatzeko negoziazioari ekiteko deia egin zion zuzendaritzak enpresa-batzordeari, eta ostegun honetan langileek aho batez adostu zuten greba mugagabea bertan behera uztea eta lanera itzultzea.