Ekonomia -
Trapagarango lantegia
Productos Tubularesek lan-erregulazioko espedientea erretiratu du
Zuzendaritzak negoziazio mahai bat osatzea proposatu die langileen ordezkariei. Langileek, ostera, batzarra egingo dute greba mugagabeari eutsi ala ez erabakitzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Trapagarango 157 langile kaleratzeko lan-erregulazioko espedientea eta iragarritako gainerako doikuntza neurriak erretiratu ditu Productos Tubulares konpainiak. Hala iragarri dio Productos Tubularesen jabe den Tubos Reunidos enpresa arabarrak enpresa batzordeari.
Lan-erregulazioko espedientea negoziatzeko irekitako kontsulta epearen baitan, gaur goizean bilera egin dute zuzendaritzaren eta langileen ordezkariek Barakaldoko hotel batean, eta bilera horretan adierazi dio espedientea kentzeko erabakia enpresa batzordeari.
Apirilaren 4an, 157 langile kaleratzea, % 25eko soldata murrizketa, urtean 1.680 lanordutik 1.704ra igotzea eta lantegiko altzairutegia itxiko zuela iragarri zuen zuzendaritzak. Konpainiak enpresa batzordeari gaur azaldu dionez, neurri horiek guztiak erretiratu ditu eta enpresarentzako konponbidea bilatzeko negoziazioa hasteko deia egin dio.
Iragarpen horien ondotik, langileek batzarra egingo dute martxoaren 8an hasi zuten greba mugagabeari eutsi ala ez erabakitzeko.
Greba mugagabeak etorkizuna "arriskuan" jartzen duela-eta, hitz egiteko deia egin du Productos Tubularesek
Productos Tubulares konpainiako zuzendaritzaren arabera, martxoaren 8an langileek hasitako greba mugagabeak enpresaren etorkizuna "arrisku larrian" jartzen du, eta iragarritako lan-erregulazioko espedientea erretiratu ostean, "konpainia salbatzeko premiazko elkarrizketa" eskaini dio enpresa batzordeari.
Ohar bidez nabarmendu duenez, greba mugagabearen eraginez lantegiaren jarduera geldiarazi izanak "enpresaren hondatzea areagotu du eta etorkizuna arriskuan jarri du".
Enpresaren esanetan, langile ordezkariak lan-erregulazioko espedientearen eta aurkeztutako proposamenen aurka agertu dira kontsulta epearen baitan enpresa batzordearekin egindako bileretan.
Zuzendaritzaren hitzetan, enpresaren egoera "zaila" da eta "premiazko" neurriak behar ditu. Hori dela eta, konpainia salbatzeko jarduerari berrekitea eta elkarrizketak berehala abiatzea proposatu dio enpresa batzordeari.