Ekonomia -

ETXEBIZITZA

Jaurlaritzak alokairuaren % 50 arte ordaintzeko diru-laguntzak emango dizkie gazteei

Etxebizitzaren errentak ezingo du 600-750 euro baino handiagoa izan, eta diru-laguntzek gehienez ere hiru urteko iraupena izango dute.

ETBk grabatutako bideo batetik ateratako irudia.
ETBk grabatutako bideo batetik ateratako irudia.
Jaurlaritzak alokairuaren % 50 arteko diru-laguntzak emango dizkie gazteei

1:21

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak gazteen emantzipazioa bultzatzeko diru-laguntzak emango dizkie 23 eta 35 urte bitarteko herritarrei, 2018-2020 Etxebizitza Plan Zuzendariaren baitan. Gehienez ere, alokairuaren erdia ordainduko die Jaurlaritzak. Gazteentzako alokairurako laguntza gehienez hiru urtean jaso ahal izango da.

Etxebizitzaren Plan Zuzendariak 1.119 milioi euroko aurrekontua izango du eta hiru urtean egongo da indarrean. Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Politika eta Etxebizitza Saila sailburuak aurkeztu du gaur goizean egitasmoa Eusko Legebiltzarrean.

Gaztelagun programa berria datorren urtarrilean jarriko da abian, gazteen emantzipazioa bultzatzeko, alokairua ordaintzeko zuzeneko laguntzen bitartez. Alokabidek kudeatuko du eta 23 urtetik gorako eta 35 urtetik beherako gazteei zuzenduta dago, errentan bizi direnei, nahiz eta alokairu-kontratuaren titular gisa ez egon (pisua partekatu daiteke).

Eskatzaileek Diru Sarrera Bermatzeko Errenta (DSBE) jasotzeko muga gainditu beharko dute (7.734 euro urtean), baina inola ere ezingo dute kasu bakoitzean 12.000 euro (egoiliar bakarra), 15.000 euro (bi egoiliar) edo 18.000 euroko (hiru egoiliar) langa gainditu. Tarte hori 20.000 eta 22.000 euro bitartekoa izango da, familia ugari bereziak direnean edo desgaitasun-maila altuak dituzten pertsonetan.

Lanean ari diren gazteez gain, laguntza eskatzeko aukera izango dute prestakuntza bidean dauden ikertzaileek eta bekadunek, betiere, eskabidea egin eta, gutxienez, aurreko sei hileko antzinatasuneko lan-bizitza egiaztatzerik badute, edo diru-sarreren iturriaren iraupen aurreikusia eskabidea egiten denetik gutxienez sei hilekoa izango dela egiaztatzerik badute.

Etxebizitzaren errentak ezingo du 600 euro baino handiagoa izan, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hiru hiriburuen eta beren inguru funtzionalen kasuan, 750 euro.

Emantzipazioa bultzatzeko laguntza izaki, gazteentzako alokairurako laguntza gehienez hiru urteko epez emango da. Laguntza Alokabidek kudeatuko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Ekonomia berriak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Higiezinen merkatua gaur Dirulaguntzak