Ekonomia -

Zigorra Espainiari

Bruselak isun handia proposatu du 'euskal opor fiskalen' auzian

90eko hamarkadan Euskadiko hainbat enpresak jaso zituzten diru-laguntzak ez berreskuratzeagatik zigortu nahi dute Espainia. Izan ere, Europako Justiziak legez kanpokotzat jo zituen laguntzok 2001ean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Batzordeak Espainiari isun handia ezartzea eskatu dio gaur Europako Justizia Auzitegiari, ''euskal opor fiskalak'' izenarekin ezagunak ziren diru-laguntzak ez berreskuratzeagatik.

Laguntza horiek 90eko hamarkadan eman zituzten EAEko hiru lurraldeetan, Euskadin enpresa berriak ezartzea helburu, baina 2001ean legez kanpokotzat jo zituen Europar Batasunak, eta egun jada ez daude indarrean.

Isuna 40 milioi eurokoa inguru izango da, baina handitu egingo da diru guztia berreskuratu gabe pasatzen den egun bakoitzeko.

Europako Justizia Auzitegiak laguntzak itzultzeko agindu zion Espainiari 2006an, eta oraindik ez duela egin gogorarazi du gaur Bruselak.

Hori horrela, bi isun eskatu ditu. Lehenengoa, 25.817 eurokoa aipatu bi epaien artean igaro den egun bakoitzeko. Egun 40 milioi eurokoa izango litzateke, baina gutxi gorabehera bi urte barru Auzitegia berriz mintzatzen denerako, 56 milioikoa izango litzateke.

Halaber, bigarren epaia publikatu zenetik laguntza guztiak berreskuratu arte igarotzen den egun bakoitzeko 236.044 milioi euroko isuna ere eskatu du.

Isun eskari horiek egiteko, Bruselak argudio hauek erabili ditu: "arau-haustearen larritasuna, Espainiaren egoera eta aurreko epaitik igarotako denbora".

Zer dira ''opor fiskalak''?

''Euskal opor fiskalak'' 1995 eta 2000 urteen artean EAEko hiru lurraldeetan eman zituzten laguntza batzuk ziren, Euskadin enpresa berriak ezartzea helburu.

Enpresa berriei elkarteen gaineko zerga aldi baterako murriztu zieten, eta hainbat onura eman zizkieten zerga hori ordaintzeko. Guztira 300 enpresak jaso zituzten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea