Ekonomia -
EBk eta NDFk
Hirugarren diru-laguntza onartu dute Greziarentzat
Hala ere, funtzionario kopurua murriztea, Osasun alorreko gastua gutxitzea, enpresa publikoak pribatizatzea eta zergak erreformatzea eskatu diote Atenaseko Gobernuari.
Erredakzioa
Europar Batasunak (EB) eta Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) porrota saihesteko hirugarren diru-laguntza, 9.000 milioi eurokoa, onartu dute Greziarentzat, baina aurrezteko egitasmoak handitzeko eskatu diote Atenaseko Gobernuari.
Laguntza onartu berri badute ere, Europar Batasunak eta Nazioarteko Diru Funtsak doikuntza politika indartzeko eskatu diote Greziari, funtzionario kopurua murriztuz, Osasun alorreko gastua gutxituz, enpresa publikoak pribatizatuz eta zergak erreformatuz, besteak beste.
"Bide onean"
Hala ere, Europako Banku Zentralak, Europako Batzordeak eta NDFk uste dute aurrekontuak doitzeko egitasmoa "bide onean" dagoela eta, erronkek bere horretan badiraute ere, "aurrerapen nabarmenak" eman direla, defizitaren murrizketan batez ere.
Hori horrela, hiru erakundeetako adituek (azaroaren 14tik 23ra Atenasen izan dira) beste 9.000 milioi euroko diru-laguntza ematea onartu dute, maiatzean onartutako 110.000 milioi euroko erreskate planaren baitan.
Nazioarteko misioak azpimarratu du 2010ean defizita % 6 murriztea lortu dutela eta hasieran jarritako helburuaren gainetik dagoela hori. Hala ere, 2009ko diru-sarrerak esperotakoa baino gutxiago izanik, 2011ko defizita % 7,5ean geratzea jarri dute helburu gisa.