Ekonomia -
Lan-gatazka Ertzaintzan
Ertzaintzaren Brigada Mugikorra berritzea aztertuko dute Jaurlaritzak eta sindikatuek
Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak iragarri duenez, martxoaren 13an hasiko dira bi aldeen arteko bilerak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak eta Ertzaintzako sindikatuek bilera egin dute arratsalde honetan Erandioko komisarian, Ertzaintzaren baitan bizi duten lan-gatazkaren harira.
Batzarra amaitu ostean, Beltran de Herediak jakinarazi du datorren martxoaren 13an aldebiko batzordeak eratuko dituztela Ertzaintzaren Brigada Mugikorraren modernizatzea eztabaidatzeko eta adosteko asmoz.
"Uste dut akordio oso garrantzitsua lortu dugula: martxoaren 13tik aurrera aldebiko batzordeetan bilduko gara Brigada Mugikorraren modernizatzea eta beste gai batzuk aztertzeko", adierazi du.
Sindikatuak, berriz, dezepzionatuta atera dira bileratik, Segurtasun Sailak Ertzaintzan dagoen arazoari irtenbide orokorra emateko konpromisorik hartu ez duela iritzita.
Tomas Rodriguez ELAko ordezkariak esan du Ertzaintzak "arazo estrukturalak" dituela eta, ondorioz, ez dela nahikoa Brigada Mugikorra modernizatzea.
"Bilera Brigada Mugikorraren arazo puntuala konpontzeko prest agertu dira soilik, baina guk lau urte daramatzagu arazo estrukturalak konpontzeko beharraz ohartarazten. Hori dela eta, frustrazioz atera gara batzarretik", azaldu du.
Ildo horretan, "mobilizazioak deitzea eta konfrontaziora jotzea" beste aukerarik ez dutela erantsi du.
Roberto Seijo ErNEko ordezkariak adierazi du aukera bat emango diotela Segurtasun Sailari Brigada Mugikorra modernizatzeko. Alabaina, Ertzaintzan dagoen "antolakuntza kaosa" konpondu behar dela eta ertzainen "lan-baldintzak hobetu" behar direla azpimarratu du.
Halaber, Athleticek eta Marseillako Olympiquek jokatu duten partidarako segurtasun dispositiboa "eraginkorra" izango dela eta ertzainek "bitarteko hobeak" izango dituztela espero dutela erantsi du.
Bestalde, Eneko Urkijo ESANeko idazkari nagusiak begiz onez hartu du Eusko Jaurlaritzak lan-istriputzat jo izana Inocencio Alonsoren heriotza (Athletic eta Moskuko Spartaken arteko partidaren atarian izandako istiluetan hil zen bihotzekoak jota).