Ekonomia -
Zorroztasun-greba amaitu da
Gasteizko udaltzainek Udalaren azken proposamena onartu dute
Gorka Urtaranen Gobernuak lan baldintzak hobetzeko egindako azken eskaintza onartu dute agenteen % 65ek, eta lau hilabeteko gatazkari azkena eman diote horrela.
Agentziak | Erredakzioa
Gasteizko Udaltzaingoak, gehiengoaren (% 65,5) aldeko botoekin, onartu egin du udal gobernuak lan baldintzak hobetzeko egindako azken proposamena. Hala, bertan behera geratuko da urriaren 25etik agenteak egiten ari ziren zorroztasun-greba.
Gasteizko Udaleko Langileen Batzordeak ohar baten bidez jakinarazi duenez, 250 agentek (% 68,11) parte hartu dute bozketan: 164k (% 65,5) alde eta 77k (% 30,8) kontra bozkatu dute, eta zortzi boto zuri eta baliogabe bat egon dira.
Aurretik ere egin du Urtaranen Gobernuak lan baldintzak hobetzeko proposamenik, baina aurrekoa baztertu egin zuten langileek. Duela gutxi, baina, "ultimatuma" eman zien alkateak udaltzainei, eta greba amaitu ezean "neurri sendoak" hartuko zituela iragarri zuen.
Hobekuntzak
Urriaren 25ean ekin zioten agente askok udal ordenantzak zorrotz betetzeari, lan baldintzetan hobekuntzak eskatzeko presio neurri gisa.
Onartutako proposamenaren arabera, urteko 1.080 euroko soldata igoera eta "egun gorri" gutxiago (zerbitzuaren beharrengatik agenteek ezin dituzte egun horietan baimenik eskatu) izango dituzte udaltzainek.