Ekonomia -
Nafarroa
Diru-sarrera bermatuaren hartzaileek bi urteetan lana izatea bultzatuko du Nafarroak
Nafarroako Gobernuak beste helburu batzuk ere ezarri ditu, besteak beste, pobrezia-tasa jaistea, etxebizitza eskubidea bermatzea eta ikasteari uzten dioten neska-mutilen kopuruak behera egitea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Gobernuak helburu estrategikotzat jo du diru-sarrera bermatua jaso eta lan egiteko moduan dauden pertsonek gehienez bi urteren burua enplegua lortzea. Areago, % 50ak lanpostua 12 hilabete igaro aurretik eskuratzea nahi du.
Hala dio Nafarroako Gobernuak 2018-2021 epealdirako prestatu duen Gizarteratze Plan Estrategikoak. Plan horretan, baina, beste erronka batzuk ere zehaztu dituzte, besteak beste, pobrezia-tasa jaistea, etxebizitza eskubidea bermatzea eta ikasteari uzten dioten neska-mutilek kopuruak behera egitea.
Era berean, ikasten ez duten eta lanik egiten ez duten gazteek kopurua eta diru-sarrera bermatua jasotzen duten herritarrek osasun asistentzian pairatzen dituzten ezberdintasunak murriztu nahi ditu Foru Gobernuak.
Miguel Laparra Eskubide Sozialen presidenteordeak, Maria Solana Hezkuntza kontseilariak eta Fernando Dominguez Osasun kontseilariak agerraldia egin dute egitasmoaren xehetasunak azaltzeko.
Proiektua aurrera eramateko 45,7 milioi euroko aurrekontu osagarria onartu dute. Laparrak adierazi du enpleguari lotutako erronka "oso zaila" eta "anbizio handikoa" dela, baina, aldi berean, "bideragarria" dela azpimarratu du. Egun, 12.000 nafarrek jasotzen dute diru-sarrera bermatua.
Bestalde, pobrezia-tasa % 8,8tik % 4,4ra jaistea lortu nahi dute.
Etxebizitzari dagokionez, 2.500 familiak arazoak dituzte etxea eskuratzeko. Hori dela eta, bi aukera planteatzen ditu Foru Gobernuak: familia horiei alokairuzko etxebizitza sozialak eskaintzea edota alokairua ordaintzeko laguntzak ematea. Laguntza hori jasotzeko, baina, baldintza batzuk bete beharko dira: familia horren diru-sarrera merkatuko alokairua baino bi aldiz txikiagoa izatea, aurretik etxerik eskaini ez izana eta azken bost urteotan alokairuzko etxebizitza sozial bati uko egin ez izana.
Amaitzeko, Nafarroako Gobernuak % 8tik behera ezarri nahi du eskola goizegi uzten duten neska-mutilen tasa. Ildo berean, % 10tik behera murriztu nahi du ikasten ez duten eta lanik egiten ez duten gazteen kopurua.