Ekonomia -
Burtsa
Dow Jones indizeak inoizko galerarik handiena izan du
1.175 puntu galdu ditu; balioaren % 4,62. S&P 500 selektiboak % 4,1eko beherakada izan du eta Nasdaq indizeak % 3,78koa.
Agentziak | Erredakzioa
Dow Jones indizeak inoizko jaitsierarik handiena izan du bart. 1.175,21 puntu galdu ditu; % 4,6, alegia.
Wall Streeten galera handiak izan dira asteleheneko saioan. Dow Jonesek % 4,62ko jaitsiera izan du, eta beherakada nabarmenagoa izan zitekeen, burtsa ixteko ordubete falta zenean datuak okerragoak zirelako.
Behin betiko datuen arabera, Dow Jonesek 1.175,21 puntu galdu ditu, 24.345,75 puntuko mailan itxi baitu. S&P 500 selektiboak, berriz, % 4,1eko beherakada izan du eta Nasdaq indizeak % 3,78koa.
Saioaren unerik okerrenean 1.597 puntu galtzen zituen, baina eguna amaitu aurretik murriztu egin ditu galerak. Ostiraleko saioan ere, behera egin zuen Dow Jonesek: 666 puntu galdu zituen orduan.
Analisten esanetan, azkenaldian Dow Jones indizeak izandako igoera handien ondorio da jaitsiera hori.
Tokioko burtsa % 4,73 jaitsi da Wall Streeten izandako galerek bultzatuta
Wall Streeten izandako galerek eragina izan dute Asiako merkatuetan. Tokioko burtsak galerekin amaitu du astearteko saioa. Zehazki, balioaren % 4,73 galdu du. Nikkei indizeak 1.071 puntu galdu ditu eta 21.610,24 puntuko mailan kokatu da.
Tokioko merkatua galerekin esnatu da, eta 1.500 puntu (% 7,06) ere galdu ditu egunean zehar.
Hiroshige Seko Japoniako Ekonomia, Merkataritza eta Industria ministroak garrantzia kendu dio galera horri, eta enpresek herrialdean dituzten irabaziak nabarmendu ditu.