Ekonomia -
Greba mugagabea
'Erabateko lanuztea' Bilbobusen, enpresa batzordearen arabera
Pedro Angulo enpresa-batzordeko presidenteak azaldu duenez, Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak bete dituzte langileek. Greba egunean hiru autobus kaltetu dituztela salatu du Veoliak.
Erredakzioa
Veoliako enpresa batzordeak esan du Bilbobuseko lehen greba eguna "erabatekoa" izan dela, eta enpresari eta Bilboko Udalari "erreflexioa egiteko" exijitu die.
Pedro Angulo enpresa batzordeko presidenteak azaldu duenez, Jaurlaritzak ezarritako zerbitzu minimoak bete dituzte langileek. Gainerakoek greba jarraitu dute. Atzo, enpresa batzordea eta Veoliako zuzendaritza hainbat ordu bilduta egon ziren, baina ez zuten akordiorik adostu. Langileek greba mugagabea hasi dute gaur.
"Udalak Veoliari eman zion Bilbobuseko kontsezioa, beraz, Udalak eta enpresak erabaki bat hartu beharko dute", esan du Angulok.
Greba "neurriz kanpokotzat eta arduragabetzat" jo du Veoliako zuzendaritzak komunikatu batean. "Barne gaiak erabili dituzte lanuztea justifikatzeko, batzordearen gehiegizko eskakizun ekonomiakoak ezkutatzeko", erantsi du.
Zuzendaritzaren hitzetan, garrantzirik gabeko gaiekin negoziaketa luzatu du batzordeak, presioak enpresa soldaten igoera "neurrigabe" bat ematera bultzatzeko.
Bestalde, zuzendaritzak langile berriak kontratatzeari uko egiten diola salatu du enpresa-batzordeak, nahiz eta plantillak 28.000 ordu estra pilatu. Bederatzi hilabeterako 15 langile berri kontratatzea eskaini du zuzendaritzak, baina batzordeak 22 beharrezkoak direla uste du, izan ere, "78.000 ordu baino gehiago" zor dizkiete langileei.
Veoliako zuzendaritzaren salaketa
Greba egunean hiru autobus kaltetu dituztela salatu du Veoliak. Horietako biri (18 eta 76 lineak) eraso egin diete, kristalen aurka tiragomekin altzairuzko bolak jaurtiz. Bestalde, 38 lineako autobusa arrautzekin zikindu dute, eta gurpilak hustu dizkiote. Era berean, zenbait langileri lan egitea eragotzi diete.
Komunikatu batean, "beste behin ere" enpresa-batzordeak erabiltzaileei eta bilbotarrei sortu dizkien "ezin justifikatuzko" arazoak deitoratu ditu Veoliak. Sindikatuei "arduraz jokatzeko" eskatu die zuzendaritzak. Era berean, "gogoeta egitea eta greba mugagabearekin amaitzea" eskatu die.