Ekonomia -
Greba Bilbobusen
Jaurlaritzak % 30eko gutxiengo zerbitzuak ezarri ditu Bilbobusen
Bilbobuseko langileek 24 orduko lanuztea egingo dute astearte honetan, Veolia Bilbao enpresa kontsezionarioak hitzarmena "bete ez duelako".
Erredakzioa
Bilbobusen astearte honetarako deitu duten greba dela eta, Eusko Jaurlaritzaren Lan Sailak % 30eko gutxiengo zerbitzuak ezartzea erabaki du, Bilboko autobus zerbitzua kudeatzen duen Veolia Bilbao enpresak jakitera eman duenez.
Konpainia horrek agiri baten bidez azaldu duenez, "gutxienez" hiru autobusetatik bat izango da zirkulazioan (guztira 134 autobus dira) goizean, eta beste horrenbeste arratsaldean. Alabaina, kopurua handiagoa izan daitekeela adierazi dute, "lanera etortzen diren beharginen arabera".
Bilbobuseko langileek astearte honetarako eta azaroaren 2rako eta 9rako deitu dituzte 24 orduko lanuzteak. Hortik aurrera, akordiorik ezean, protestak mugagabeak izango direla iragarri dute.
Veolia Bilbao enpresak langileekin sinatutako akordioa "urratu" duela salatzeko eta lanpostuak mantentzea exijitzeko egin dituzte greba-deialdiak.