Ekonomia -
2011ko Aurrekontu Orokorrak
PSOEk eta EAJk Estatutua osorik betetzea adostu dute
PSOEk eta EAJk Estatutua osorik betetzea adostu dute. Horren truke, jeltzaleek Aurrekontu Orokorrak babestuko dituzte. 20 eskumen transferituko dituzte EAEra PSOEren eta EAJren arteko akordiori esker.
Erredakzioa
EAJk iragarri duenez, alderdi jeltzaleak "egonkortasun ekonomiko, politiko eta instituzionalerako" akordioa hitzartu du PSOErekin, Gernikako Estatua osorik betetzeko. Horren truke EAJk 2011ko Aurrekontu Orokorrak babestuko dituela agindu die sozialistei. 20 eskumen transferituko dituzte EAEra PSOEren eta EAJren arteko akordiori esker.
Jose Antonio Alonso sozialisten bozeramaileak prentsaurrekoan jakinarazi duenez, eskumen horien transferentzia bi fasetan garatuko da; izan ere, hiru eskumen 2010an gauzatuko dira, eta gainerako 17ak 2011an zehar transferituko dira.
Transferentzia horien artean daude, besteak beste, enplegu-politika aktiboak, Itsasoko Gizarte Institutuko hezkuntza politikak, itsas garraioa EAEn, eta turismoa eta bidaia-agentziak.
Alonsok argi utzi du Espetxeetako Zuzendaritzaren eta enplegu-politika pasiboen transferentzia ez dagoela akordio horren barruan. "Ez dago Gizarte Segurantzaren kutxa bakarrari eragiten dion transferentziarik", gaineratu du.
Aliantza hori legealdiaren bukaerara arte iraungo ote duen galdetuta, EAJrekin lortutako akordioak iraupen zehatzik ez duela azaldu Alonsok, baina akordioaren hitzaurreak, ordea, "aurrekontuen onarpenetik harago doazela" jasotzen du.
2011ko Aurrekontu Orokorrei babesa emango diete
EAJk 2011ko Aurrekontu Orokorrak babestuko ditu Kongresuan, eta ez du osoko zuzenketarik egin.
Gainera, Gobernua Coalicion Canariarekin (CC) akordio batera heldu da.Gobernuak negoziaketan planteatutako aldarrikapen gehienak onartudituela uste du CCk.
Oposizioko beste sei alderdik (PP, BNG, IU, ERC, IVC eta UPyD) datorren asteartean eztabaidatuak eta asteazkenean bozkatuak izango diren bost zuzenketa aurkeztu dituzte.
Euskal nazionalistek Kongresuan dituzten sei diputatuek eta PSOEren 169ek 175 boto batzen dituzte; gehiengo osorako boto bat falta zaie. Espainiako Gobernuak ustez UPNren eta CCren babesa izango du aurrekontuak onartzeko.