Ekonomia -

EUSKO JAURLARITZA

Osasun-langileen erretiro adina 68 urtera luzatzea aztertzen ari da Osakidetza

Bestalde, itxarote-zerrendak murrizteko instalazioetan eta profesionaletan inbertitzearekin bakarrik nahikoa ez dela defendatu du Jon Darpon Osasun sailburuak.

Osakidetzako langileak, artxiboko irudi batean. Argazkia: EiTB.
Osakidetzako langileak, artxiboko irudi batean. Argazkia: EiTB.
Osasun Sailak plana aurkeztu du itxarote-zerrendak murrizteko

1:28

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osasun-langileen erretiroko adina 67 urtetik 68 urtera luzatzea aztertzen ari da Osakidetza, "mediku gabezia" dela eta, Jon Darpon Osasun sailburuak gaur jakitera eman duenez. Horren hitzetan, sindikatuekin ere ari dira gaiaz hitz egiten.

Erretiro adinaren inguruko eztabaida osasun alorrean ez ezik beste hainbat sektoretan ere mahai gainean dagoela esan du. Darponen arabera, 65 urtera egoera fisiko 'oso onean' heltzen dira gaur egun profesional asko, 'ezagutza handia pilatuta'.

Besteak beste, Osakidetzaren aurrekontuaz hitz egin du Darponek 'Forum Europa' gosari informatiboetan egin duen agerraldian. Jaurlaritzak 2018rako aurkeztu dituen aurrekontuen arabera, Osasun Sailak 3.671 milioi euro izango ditu (aurrekontu osoaren % 32), datorren urteko gastuei aurre egiteko. Darponek zehaztu duenez, kopuru horretatik % 68 pertsonal gastuetara bideratuko dute, eta % 22, farmazia gastuetara. Gainerakoa osasun akordioak, inbertsioak eta bestelako programak bultzatzeko erabiliko dute.

Biztanleriaren zahartzeari eta horrekin lotutako gaixotasun kronikoei aurre egitea izango da Osakidetzaren etorkizuneko erronka, sailburuak nabarmendu duenez. EAEko erieetxeetan 2016an ingresatuta egon ziren pertsonen batez besteko adina 65 urtekoa izan zela eta % 22k 80 urte baino gehiago zituztela jakinarazi du.

Era berean, herritarren zahartzeak beste ondorio nagusi bat eragin duela gaineratu du: Lehen Mailako Arreta zerbitzuko kontsulta kopurua % 7 hazi da, ospitaleetako hitzorduek % 10 egin dute gora, eta ebakuntza kopuruak, % 16.

Atzo aurreratu bezala, itxarote-zerrendak murrizteko, arratsaldeko txandan ebakuntzak eta kanpo kontsultak areagotuko ditu Osakidetzak.

Gainera, "lan-karga handia" denean, ebakuntza batzuk itunpeko zentro pribatuen esku utziko dituzte. Gaur aurkeztu du Darponek 'Itxaronaldiak murrizteko plana' Eusko Legebiltzarrean.

Itxarote-zerrendak

Bestalde, itxarote-zerrendak murrizteko instalazioetan eta profesionaletan inbertitzearekin bakarrik nahikoa ez dela defendatu du Darponek. Zerbitzua hobeto antolatu eta tratamenduen “eskaria planifikatzea eta arrazionalizatzea” beharrezkoa dela azpimarratu du sailburuak.

Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin du Darponek, 'Itxarote-zerrendak murrizteko egitasmoa' aurkezteko. EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk txostena eskatu zuten, baina Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiek, EAJk eta PSEk, kontrako botoa eman zuten Ganberan.

Osakidetza 2006an onartutako itxaronaldiak betetzen ari dela goraipatu du Darponek agerraldian: 30 egun minbizi ebakuntzatan, 90 bihotzeko kirurgian, 180 gainerako prozedura kirurgikoetan eta 30 kanpo kontsultatan.

“Arrazoizko” itxaronaldiak direla nabarmendu du sailburuak; izan ere, gainerako erkidegoetako osasun sistemen eta Espainiako batezbestekoaren azpitik daude. Gainera, itxaronaldiak egonkor mantendu direla azpimarratu du Darponek, nahiz eta ebakuntzen kopuruak urtero % 4 gora egin.

“Zero itxarote-zerrenda existitzen ez” dela gogorarazi du sailburuak. Itxaronaldiak “hobetzeko” nahia agertu du. “Autokonplazentzia” saihestuko duela agindu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea