Ekonomia -
EKONOMIA AURREIKUSPENAK
Laboral Kutxak jaitsi egingo du EAEko 2018rako hazkunde aurreikuspena
Kataluniako auziak izandako ondorioak ebaluatu ostean, 2018rako egindako % 2,7 hazkunde aurreikuspena berrikusi egingo du finantza erakundeak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Laboral Kutxak jaitsi egin du Euskal Autonomia Erkidegoko 2018rako hazkunde aurreikuspena. 2018an EAEko hazkundea % 2,7koa izango zela aurreikusi zuen. Kataluniako auziaren ondorioak ebaluatu ostean, baina, jaitsi egingo du.
Joseba Madariaga Laboral Kutxako ikerketa saileko arduradunak gaur Bilbon egindako jardunaldi batean azaldu duenez, euskal ekonomia "dinamismo handia" erakusten ari da gaur egun, eta "maila handian" hazten ari da.
Dena den, horren esanetan, azken estimazioak uztailean egin zituzten, Kataluniako auziaren ondorioz sortutako "tentsioak" kontuan hartu gabe.
Laboral Kutxak 2017rako % 2,9ko eta 2018rako % 2,7ko hazkunde aurreikuspena egin zuen, baina finantza erakundeak berrikusi egingo ditu datuak. Madariagak aurreratu duenez, datorren urteko aurreikuspena hamarren bat edo beste jaitsiko dute.
2017rako hazkunde erlatiboa "zentzuzkoa" da, Madariagaren iritziz, eta, beraz, bere horretan mantenduko dute. Beraz, aurreikuspena betez gero, % 2,9koa izango da.
Lan merkatuaren eboluzioarekin lotuta azpimarratu duenez, langabezia-tasa jaitsi egin da, eta, estatistika datuen arabera, % 11 edo % 11,5ean dago. Horren esanetan, urtea datu horiekin amaituko da, eta, datorren urtean hazkundea izango dela aurreikusten denez, datuak hobetzea espero da.