Ekonomia -
Arrantza
Hegaluze eta hegalabur gehiago harrapatu dituzte azken kosteran
6.670 tona hegaluze eta 793,6 tona hegalabur deskargatu dituzte aurten euskal portuetan.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak balorazio positiboa egin du hegaluzearen eta hegalaburraren azken arrantzaldian izandako harrapaketen harira, 6.670 tona hegaluze eta 793,6 tona hegalabur harrapatu baitituzte.
Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak prentsaurrekoan jakinarazi duenez, bi kasuetan "harrapaketen kopurua nabarmen igo da". Prentsaurrekoan, Eugenio Elduayen Gipuzkoako Kofradien Federazioko presidentea eta Eusebio Aranzamendi Ondarroako Kofradiakoa ere izan dira.
Hegaluzearen kasuan, aurten 6.760 tona harrapatu dituzte, eta 2016an, berriz, 6.231 tona harrapatu zituzten. Kiloa 3,89 euroan saldu da aurten lonjan, eta 3,76 euroan saldu zen iaz. Bestalde, arrantzaldiak 26,3 milioi euro eragin zituen Euskadin 2017an (23,4 milioi euro, 2016an).
Hegalaburraren kasuan ere, kostera "positiboa" izan da; 793,6 tona harrapatu dituzte (638,8 tona, berriz, iaz). Hala ere, hegalaburraren prezioak behera egin du lonjan, kiloa 7,15 eurotik 5,98ra jaitsi baita. Hala eta guztiz ere, hegalaburraren arrantzaldiak 4,5 milioi euro utzi ditu EAEko ekonomian (4,7 milioi euro utzi zituen iaz).
Arrantzaleak, kezkatuta
Bestalde, Elduayen eta Aranzamendi kezkatuta daude Irlandako eta Frantziako sare pelagikoen aurrean, "onartuta" izan arren, kofradietako arrantzaleek erabiltzen dituzten ohiko teknikekin "bateraezina" dela uste baitute.
Hori dela eta, esku hartzeko eskatu diete gobernuz kanpoko erakundeei eta agintariei, "ezer larririk" gertatu aurretik. Ildo horretan, Kantauri itsasoan antxoarekin gertatu zena gogora ekarri du, denbora luzez arrantzaldirako itxita egon zelako.
Eusko Label kalitate zigilua
Harrapatutako hegaluze kopuruaren % 71ri jarri diote aurten Eusko Label kalitate zigilua (% 61i, 2016an), eta aurten harrapatutako hegalabur guztiek eraman dute kalitate zigilu hori.