Ekonomia -

PASAIAREN BIZIBERRITZEA

Herrera eta Trintxerpe arteko pasabidea 13 hilabetetan prest izango da

Proiektuaren baitan, zelaigune handiak, plazak, berde guneak eta pasealeku berriak egitea aurreikusten dute.

Herrera eta Trintxerpe lotuko dituen pasabide berria 13 hilabeteren buruan prest egongo da. EiTB
Urte bete barru prest izango da Trintxerpe eta Herrera arteko lotura

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Topoaren Herrerako geltokia eta Trintxerpe lotuko dituen oinezkoentzako eta txirrindularientzako pasabide berria 13 hilabeteren buruan prest egotea aurreikusten dute, sei hilabete inguruz geldirik egon ondoren lanak berriro abiatu ostean. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak iragarri du albistea.

Tapia sailburuaz gain, lanak bisitatzen izan dira Ricardo Peña Pasaiako Portu Agintaritzako presidentea, Eneko Goia Donostiako alkatea, Izaskun Gomez Pasaiako alkatea eta Marisol Garmendia Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa diputatua.

Kazetarien aurrean egindako adierazpenetan sailburuak nabarmendu duenez, obrak geldirik egon diren hilabete horietan proiektua aldatu egin da, eta guztira hiru milioi inguruko kostua izango du, osorik Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko duena.

Arantxa Tapiaren esanetan, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Trenbide Sarearen (ETS) arteko hitzarmenari esker ari dira lan horiek egiten, eta proiektuan berrikuntzak egin dituzte Donostiako eta Pasaiako Udalek egindako "hobekuntza" eskariei erantzunez.

Bi Udalen eskariez gain, Pasaiako Portu Agintaritzak Donibanen zituen lur batzuk proiektura batzea lortu dute eta horri esker, Tapiaren esanetan, "beharrezkoak ziren hobekuntzak" egin dituzte. Hori dela eta, proiektuak 300.000 euroko gainkostua izango du.

Bestalde, aipaturiko pasabideaz gain, zelaigune handiak, plazak, berde guneak eta pasealeku berriak egitea aurreikusten dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia albisteak Ekonomia 2024 Pasaia bideoak Albisteak