Ekonomia -

AUZITEGIAK

ELAk, LABek eta Confebaskek ostalaritzako hitzarmen sektoriala babestu dute

UGT eta CCOO ez daude ados itun horrekin, eta auzitegietara eman dute. Estatuko hitzarmena nagusituko balitz, 45.000 langileren soldata erdira jaitsiko litzakeela esan dute ELAk eta LABek.

ELA, LAB eta Euskadiko Ostalarien Federazioko ordezkariak, gaur. Argazkia: EiTB.
ELA, LAB eta Euskadiko Ostalarien Federazioko ordezkariak, gaur. Argazkia: EiTB.
ELA, LAB eta Euskadiko Ostalarien Federazioko ordezkariak, gaur. Argazkia: EiTB.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA eta LAB sindikatuek eta Euskadiko Ostalarien Federazioak eta Confebaskek elkarrekin defendatuko dute auzitegietan ostalaritzako hitzarmen sektoriala. CCOO eta UGT zentralek auzibidera eraman dute itun hori, estatu mailako hitzarmena lehenetsiz. Sindikatu abertzaleen eta patronalaren iritzian, akordioa epaitegietara eramateak "ondorio oso larriak" eragin ditzake alorreko langileengan. Hala, salaketa atzera botatzeko eskatu diote CCOOri eta UGTri.

Euskadiko ostalaritza hitzarmenak lehenesteko akordioa joan den urtarrilaren 9an izenpetu zuten ELAk, LABek eta patronalak. Modu horretan, aplikazio-lehentasuna emango zaie hitzarmen sektorialei, estatu mailako akordioen aurrean.

Atzo, Ostalaritzako Akordio Markoaren negoziazio-mahaia bildu zen Bilbon, eta akordioan jasotakoa berretsi zuten. Gaur hedabideen aurrean azaldu dutenez, ostalaritza alorreko gehiengo zabalak babestu du akordioa.

CCOO eta UGT sindikatuek epaitegietan abiatutako bideak ostalaritzako langileen lan-baldintzak okertzea ekarriko duela esan dute sindikatu abertzaleek. Horien arabera, 45.000 langileren soldatak erdira jaitsi daitezke.

ELA eta LAB sindikatuaren "izena zikintzen" ari direla salatu du CCOOk

CCOOk, ostera, ELA eta LAB sindikatuaren “izena zikintzen” ari direla salatu du. Are gehiago, EAEko ostalaritzaren langileak “berriro engainatzen” ari direla esan du sindikatuak.

“Beste eragile batzuk, kasu honetan ELA eta LAB, CCOO publikoki sindikatuaren izena zikintzen eta EAEko langileak engainatzen ari direnean, behar adina aldiz erantzungo dugu”, azaldu du Euskadiko CCOOk agiri batean.

Zentzu horretan, “Akordio Markoa auzitara eramateak soldatak % 50 bat murriztuko dituela esateari uzteko” eskatu die CCOOk ELAri eta LABi, “gezurra delako, besterik ez”. “Ostalaritza kolektiboarentzako nahita bideratutako desinformazio larria da”, kritikatu du. “Hori horrela izango balitz, ELAk, LABek eta patronalak osatutako aliantza ulertzea zaila izango litzateke”, erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Langileen Alkartasuna albisteak LAB Confebask bideoak Ekonomia berriak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Sindikatuak Espainian Euskal enpresak azken ordukoa Tabernak Euskadin gaur Jatetxeak