Ekonomia -
Erreferenduma
Espainiako Burtsak % 2,85 egin du behera Kataluniako egoeraren eraginez
‘Brexit’a baieztatu zenetik saiorik okerrena izan da. Adituen hitzetan, IBEX 35 indizeak “behea jo” du Kataluniako egoera “goren unean” dagoelako.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Burtsak % 2,85 behera egin du gaur. ‘Brexit’a baieztatu zenetik saiorik okerrena da. 10.000 puntuko mugatik behera jaitsi da. Kataluniako Parlamentuak datorren astelehenean aldebakarreko independentzia aldarrikatu dezake eta inbertitzaileak beldur dira.
IBEX 35 indizea 9.964,90 puntutan kokatu da, martxotik emaitzarik kaskarrena. 416,60 puntu (% 4,01) galdu ditu igandean erreferenduma egin zutenetik. Gainera, urteko irabaziak % 6,55 murriztu dira.
Adituen hitzetan, IBEX 35 indizeak “behea jo” du Kataluniako egoera “goren unean” dagoelako; izan ere, Generalitatea independentzia aldarrikatzeko prestatzen ari dela ematen du. Gainera, antza denez, Rajoyren Gobernuaren eta Puigdemonten Exekutiboaren jarrerak gero eta urrutiago daude.
Espainia, "irtenbiderik gabe"
Are gehiago, bi exekutiboen etorkizuna “airean” dagoela uste dute adituek. Ekonomiaren egonkortasunari “kolpe” bat eman diote eta Espainia “irtenbidea aurkitu” ezinik dago, Saxobanken arabera. IBEX 35 indizea 9.500 puntuen mugatik behera jaitsi daitekeela ohartarazi dute.
Sabadell eta CaixaBank bankuek galera handienak izan dituzte, % 5,69 eta % 4,96, hurrenez hurren. Igandetik bi erakundeen kapitalizazioak ia 3.000 milioi euro galdu ditu.
Bestalde, Espainiaren arrisku-sariak gora egin du gaur eta 133 puntutan kokatu da. Iragan astea 114 puntutan itxi zuen.