Ekonomia -

Deslokalizazioa

General Electric enpresak Ortuellako lantegia ixteko asmoari eusten dio

147 behargin ditu Bizkaiko lantegiak. Enpresa-batzordeko ordezkari bat multinazionaleko zuzendaritzarekin bildu da asteazken honetan, Parisen.

Ortuellako (Bizkaia) lantegia. Artxiboko irudia: EiTB
Ortuellako (Bizkaia) lantegia. Artxiboko irudia: EiTB
Ortuellako (Bizkaia) lantegia. Artxiboko irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

General Electric multinazionalak Ortuellako (Bizkaia) lantegia ixteko asmoari eusten dio, sindikatuetako iturriek jakitera eman dutenez. 147 behargin ditu lantegiak, eta soilik 12 geratuko lirateke lanean, zerbitzu eta mantentze-tailer batean.

Ortuellako General Electric Renewable Hydro lantegiko enpresa-batzordearen ordezkari batek Europako fabriketako batzordearen eta multinazionaleko zuzendaritzaren arteko lehen bileran parte hartu du asteazken honetan, Parisen. Zuzendariek uztailaren 4an planteatutako Berregituraketa Egitasmoa eztabaidatu behar zuten.

General Electric Hydroko zuzendaritzaren ordezkariak Ortuellara etorri ziren, Alemaniako aholkulariei lantegia ixteko arrazoiak azaltzeko. Europako enpresa-batzordeak Alemaniako aholkularitza enpresa bat kontratatu zuen, berregituratze planaren inguruan txosten bat egiteko.

“Deslokalizazioa, argi eta garbi"

Alemaniako aholkulariak Ortuellako enpresa-batzordeko kideekin bildu ziren. GE Hydrok Europako lantegietan egin nahi duen berregituraketari buruz duten iritzia azaldu eta “deslokalizazioa argi eta garbia” dela esan zieten aholkulariei.

Aholkulariek Europako enpresa-batzordearen ordezkariei behin-behineko txostena azaldu diete. Urriaren 24an behin betikoa entregatuko dute, baina ez da enpresarentzako loteslea izango. Grenobleko (Frantzia) eta Birreko (Suitza) lantegiek ere ordezkariak dituzte enpresa-batzordean. Europako bi lantegi horietan ere murrizketak espero dira.

Urriaren 9an eta 10ean bilera egingo dute, Bizkaiko lantegiaren etorkizunaz hitz egiteko. Urriaren erdialdera lan-erregulazio espedientea aurkeztuko dietela espero dute Ortuellako langileek. Ondoren negoziatzeko hilabete bat izango dute aldeek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da Bizkaian? EAE Lana albisteak ABEEE berriak Ekonomia 2024 Ortuella Gaurko azken ordukoa Lan gatazkak azken ordukoa