Ekonomia -
Estatuan
700.000 pertsona txirotasun egoera larrian sartuko dira, CCOOren ustez
Langabezia-laguntzak kentzearen ondorioetako bat izango da, Ignacio Fernandez Toxoren arabera.
Erredakzioa
Urtea bukatu baino lehen 700.000 pertsona txirotasun egoeran sartuko dira Estatuan, Ignacio Fernandez Toxo CCOOko idazkari orokorrak adierazitakoaren arabera. Langabezia-laguntzak kentzearen ondorioetako bat izango da, bere ustez. 700.000 lagun horiek kotizatzeari utziko diotela ohartarazi du Toxok.
Telemadrid-en adierazi duenez, Gizarte Segurantzak 131.858 afiliatu galdu zituen iragan abuztuan. Horrez gain, 2010ean beste 600.000 afiliatu gehiago galduko direla uste du CCOOko buruak, batez ere krisia luzatu egin delako eta langabezia-laguntzak bertan behera geldituko direlako. Horrek guztiak jende asko "txirotasun egoera larri batera" eramango duela gaineratu du.
Horren hitzetan, laguntzak jasotzen direnean Gizarte Segurantzan kotizatu egiten da. Beraz, laguntzak bertan behera uztea "bidegabekeria hutsa" dela azpimarratu du Toxok.
Bestalde, irailaren 29rako deitutako greba orokorra bertan behera uztea ez du baztertu, baina Espainiako Gobernuak "aukera gutxi" dituela onartu du, politika ekonomikoak eta sozialak "nabarmen" aldatu beharko lituzkeelako.