Ekonomia -
Diputatuen Kongresua
Kongresuak 2018rako gastu muga onartu du, EAJren babesarekin
Neurri horri esker, defizit eta zor publiko helburu berriak ezarriko dituzte, eta PFEZ zerga murriztuko diete baliabide gutxien dituztenei.
agentziak | erredakzioa
Espainiako Diputatuen Kongresuak 2018rako gastu muga onartu du, eta horrekin batera defizit eta zor publikoetarako helburu berriak ezarri dituzte, ustez gastu sozialerako tarte handiagoa izateko, eta PFEZ zerga murriztuko diete baliabide gutxi dituzten pertsonei datorren urtetik aurrera.
Espainiako Gobernuak beharrezko babesa lortu du: PPko 175 diputatuena, Ciudadanosena, EAJrena, UPNrena, Foro Asturiasena eta Coalicion Canariarena. Horiek batu eta Nueva Canariasen abstentzioari esker, 2018ko aurrekontua irailean tramitatzen hasteko bidea ireki dute.
2018-2020 tarterako Aurrekontuen Egonkortasun Helburuei eta Zor Publikoari buruzko Akordioaz eztabaidatu du Kongresuak, eta 2018rako gastu mugaren inguruan ere bai, eta dena onartzea lortu dute, nahiz eta PSOEk, Unidos Podemosek, ERCk, PDeCATek, Compromisek eta EH Bilduk kontra bozkatu duten.
Cristobal Montoro Ogasun eta Funtzio Publikoko ministroak esan du funtzionarioen soldatak hobetzea ahalbidetuko duela gaurko akordioak, eta PFEZ zergan murrizketak egin ahal izango dituztela kargak dituzten familientzat edo ezgaitasunak dituztenentzat.
EAJk azpimarratu du kontzertu ekonomikoaren inguruan lortutako akordioarekin eta gaurkoarekin, EAEk defiziterako tarte handiagoa izango duela.
PSOEk eta Unidos Podemosek gaitzetsi egin dute gastu muga, diru-sarrerei buruzko informaziorik eman ez dutelako, eta hori delako, euren ustetan, Espainiako finantza publikoen arazo nagusia.