Ekonomia -
2016ko maiatzaren aldean
EAEko industria jarduerak % 3,2 egin zuen gora maiatzean
Industria ekoizpeneko indizeak % 2,6 gorakada izan du 2017ko lehen bost hileetan, baina aurreko hilabetearen aldean, % 0,3ko beherakada izan zen maiatzean.
erredakzioa | eitb.eus
EAEko industria ekoizpenak % 3,2 egin zuen gora maiatzean, 2016ko hil beraren aldean, Eustatek prestatutako datuen arabera. 2017ko lehen bost hileetako balantzea % 2,6ko hazkuntzarekin itxi da, 2016ko aldi beraren gainean.
Aurreko hilearekin alderatuta, berriz, industria ekoizpenak % 0,3 egin zuen behera maiatzean.
Euskal industrian pisu gehien duten sektoreen artean, urte arteko aldakuntzak kontuan hartuta, hazkuntza esanguratsuenak dituztenak honako hauek izan ziren maiatzean: Kautxua eta plastikoa, % 7,8; Garraio-materiala, % 7,1; eta Metalurgia eta produktu metalikoa, % 3,8.
Ordea, beherakadak Energia elektrikoaren, gasaren eta lurrunaren sektorean izan dira (% 4,8ko urte arteko beherakada), bai eta Zuraren, paperaren eta arte grafikoen sektorean (% 1,9ko beherakada) eta Material eta ekipo elektrikoaren (% 1,2 egin du behera) sektorean ere.