Ekonomia -

Ostalaritzako lan-hitzarmena

UGTk eta CCOOk ostalaritzako hitzarmenaren kontra egingo dutela salatu dute

ELAk eta LABek ohartarazi dutenez, inpugnazioak 12.000 langileren baldintzak okertuko ditu, soldatak jaitsita eta lanorduak handituz.

Igor Arroyo (LAB) eta Adolfo Muñoz (ELA). Argazkia: EFE
Igor Arroyo (LAB) eta Adolfo Muñoz (ELA). Argazkia: EFE
UGT eta CCOO sindikatuek ostalaritza sektorearen akordioa inpugnatu dute

0:35

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA eta LAB sindikatuek ohartarazi dutenez, Euskal Autonomia Erkidegoko ostalaritzako lan-hitzarmena inpugnatzea erabaki dute CCOOk, UGTk eta Estatuko patronalak.

Joan urtarrilean ituna egin zuten sindikatu abertzaleek eta Confebaskek, euskal hitzarmenei lehentasuna emateko.

Adolfo ‘Txiki’ Muñoz ELAko idazkari nagusiak eta Igor Arroyo LABeko idazkari nagusiaren ondokoak Bilbon egin duten agerraldian “euskal langileak eta bertoko hitzarmenak defendatzeko” eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.

CCOOk, UGTk eta Estatuko patronalak inpugnazioa gauzatzen badute, langileen baldintzak nabarmen okertuko direla gogoratu dute. EAEko ostalaritza sektorean 45.000 behargin daude eta horietako 12.000 daude aipatu hitzarmenean, ospitaletako eta ikastetxetako jantokietako ostalariak, adibidez.

Euskal ituna bertan behera utziz gero, langile horien soldatak % 50ean jaitsiko liratekeela eta urteko lanaldia 50 ordutan handituko litzatekeela ohartarazi dute.

Bi sindikatuen iritzian, “kontraesana” litzateke Estatuko patronalak Confebaskek eta Ostalarien Federazioak sinatutako akordio bat inpugnatzea.

Akordio horrek Espainiako legedia urratzen duela diote CCOOk, UGTk eta Estatuko patronalak. Araudi hori Jose Luis Rodriguez Zapateroren agintaldian EAJren abstentzioari esker ezarri zela gogoratu dute Muñozek eta Arroyok.

“Sindikatuok politikari buruz hitz egin behar ez dugula esaten digute batzuek, baina eztabaida politikoan sartzeko eta agintari politikoei azalpenak eskatzeko arrazoi asko daude”, esan du Muñozek EAJri aipu eginez.

“Inpugnazioaren bultzatzaileak Urkulluren aliatuak dira elkarrizketa sozialerako mahaian; Estatuko ordezkaritzan duten monopolioa erabili nahi dute guk negoziatu ez dezagun eta hori jarrera antidemokratikoa da”, erantsi du.

Igor Arroyok, berriz, inpugnazioa “eraso bikoitza” dela azpimarratu du: batetik, “euskal gehiengo sindikalaren aurkakoa –ELAk eta LABek ostalaritza sektorearen % 77,5 ordezkatzen dutelako-“,  eta bestetik, beharginen lan-baldintzak okertzen dituelako.

Confebask eta Eusko Jaurlaritza inpugnazioaren kontra agertu beharko liratekeela ere adierazi du, “lan-hitzarmenen negoziazio zentralizatzen ari direlako”.

Alderdiei ere gai honi heltzeko exijitu die, baita lan harremanetarako marko propioa nola bermatuko duten zehazteko ere.

CCOOk dio ez dagoela ostalaritzako hitzarmenik

Bestalde, CCOO sindikatuak ohar bidez esan du Euskal Autonomia Erkidegoan “egiturazko akordioak” daudela, baina “ez ostalaritzako hitzarmenak”, eta, hortaz, ELA eta LAB “nahasmena eragiten” ari direla salatu du.

“Ezinezkoa da existitzen ez den zerbait salatzea”, nabarmendu du.

Nolanahi ere, CCOOk aitortu du ostalaritza sektorearen Estatuko batzorde parekidean “Euskadiko Ostalaritzako akordio sektoriala inpugnatzeko aukera aztertu” dutela, “Estatuan adostutakoarekin bat ez datorrelako”.

“ELAk eta LABek ostalaritzako langileen eskubidean defendatu nahi badituzte, Euskadiko ostalaritza sektorearentzat hitzarmen autonomiko bat negoziatzeko CCOOk egindako proposamena onartu behar zuten, demagogia erabili eta nahasmena sortu beharrean”, erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Langileen Alkartasuna LAB Euskal Autonomia Erkidegoa Lana albisteak Ekonomia CCOO UGT Sindikatuen azken ordukoa Euskal jatetxeak Tabernak