Ekonomia -
Bilbo
2.000 iragarkitik gora lehiatuko dira aurtengo El Sol jaialdian
Beste behin ere, Espainiako Estatua izango da iragarki eta publizitate kanpaina gehien aurkeztuko dituena, 1.305ekin.
agentziak | erredakzioa
Espainiako Estatuan, Portugalen, Latinoamerikan eta AEBn egindako 2.000 iragarki eta publizitate kanpaina baino gehiago lehiatuko dira El Sol jaialdiaren 32. edizioan.
Espainieraz edo portugesez lan egiten duten 193 agentziak 2016an kaleratutako 2.034 iragarki edo kanpaina izango dira, hain zuzen ere, Bilboko ekitaldian aurkeztuko dituzten lanak.
Gaur prentsaurrekoa eman dute Bizkaiko hiriburuan Xabier Olazabal, Vicente Hernandez, Cristina Barturen eta Javier Suso jaialdiaren zuzendariek, Ainhoa Basurko Bizkaiko Aldundiko eta Nora Sarasola Bilboko Udaleko ordezkariekin batera.
Beste behin ere, Espainiako Estatua izango da iragarki eta publizitate kanpaina gehien aurkeztuko dituena, 1.305ekin, aurreko urtean baino % 6 gehiago, Xabier Olazabalek azaldu duenez.
Bigarren postuan espainieraz lan egiten duten AEBko agentziak daude, Argentinaren gainetik, aurreko urteetan bigarren postua izan duen herrialdearen aurretik, bertan krisi ekonomiko handia bizi baitute.
Bestalde, agentzia portugaldarrek eta latinoamerikarrek 729 pieza aurkeztuko dituzte, eta Kolonbiako eta Ekuadorreko lan kopuruaren gorakada handia azpimarratu dute.
Antolatzaileek jakinarazi dute dagoeneko 1.600 pertsona baino gehiagok eman dutela ekitaldian parte hartzeko izena, baina ziurrenik 1.700-1.800era iritsiko omen dira.
Aurten lehenengoz, lehiaketarekin batera Publizitate Komunikazioaren Kongresua egingo dute, eta marketin alorreko nazioarteko adituek hitzaldiak emango dituzte.
Hala, Arnaldo Muñoz Airbnbren Espainia eta Portugaleko zuzendari nagusia eta Britainia Handiko Alderdi Kontserbadoreko kanpaina arduradunak parte hartuko dute, besteak beste.
Beste berrikuntzetako bat "Eguzkia atera arte" festa izango da, ekainaren 2an Euskalduna Jauregian egingo dute. Bertan izango dira Juan Zelada eta Carlos Jean DJ, eta ezusteko musikal bat egongo da.