Ekonomia -
Ertzaintzaren LEPa
Malentxo Arruabarrena: 'Lan Eskaintza Publikoa 2016an egin behar genuen'
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak azaldu duenez, iazko deialdia Rajoyren Gobernuak jarritako helegite batek eragotzi zuen.
Agentziak | Erredakzioa
Malentxo Arruabarrena Julian Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia pozik agertu da gaur BECen Ertzaintzaren 26. promoziorako probak egiteko aukera izateagatik. Dena den, iaz egitea nahiago zukeela adierazi du, aurreikusita zegoen moduan, baina Rajoyren Gobernuak ezarritako helegiteak eragotzi zuela.
EAJk eta PPk Espainiako Aurrekontu Orokorrak onartzeko akordioaren bidez Rajoyren Exekutiboak jarritako helegiteak desblokeatu ondoren lortu dute LEPa abian jartzea.
"Pozik gaudela esan behar dugu, baina nahiago izango genuke 2016ko apirileko deialdian egin izan balitz", esan du Arruabarrenak BECen egindako adierazpenetan.
Horrez gain, Segurtasun Batzordeak adostutako 8.000 agenteak mantentzea aurreikusi dutela azaldu du, Ertzaintzaren belaunaldi-erreleboaz hausnartzeaz gain.
Deialdia
3.494 pertsona onartu dituzte Ertzaintzaren 26. promozioa hautatzeko azterketak egiteko deialdian. Gaur egiten ari dira lehen probak Barakaldoko BECen.
Eduki-azterketak ez ezik, psikoteknikoak eta nortasunari dagozkion probak ere egingo dituzte lehen prozesuan. 250 lanpostu eskaini dituzte.