Ekonomia -
Erosteko eskaintza publikoa
Atlantia Italiako kontzesionarioak Abertis erosteko eskaintza egin du
Akzioko 16,5 euro eskaini ditu Espainiako azpiegituren konpainiagatik. Bat eginda Europako autobide kontzesionarioa sortuko da.
Agentziak | Erredakzioa
Atlantia Italiako autobideen kontzesionarioak Abertis Espainiako azpiegituren konpainia erosteko eskaintza publikoa (EEP) egin du astelehen honetan. Abertisen akzio bakoitzeko 16,5 euro eskaini ditu, ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Benetton familiarena den kontzesionarioaren arabera, Abertisek azken sei hilabeteetan batez beste izandako kotizazioaren % 20ko gehigarria eskaini du. Dena dela, ostiraleko kotizazioari erreparatuta (akzio bakoitza 16,45 euroan zegoen orduan), ozta-ozta gainditu du.
Eskainitakoaren arabera, Abertiseko akziodunek 16,5 euro jasoko dituzte eskudirutan akzio bakoitzeko. Bada beste aukerarik: konpainia espainiarren akzio bakoitzeko sortuko den enpresa berriaren 0,697 akzio jasotzea (akzio berriek 24,20 euro balioa dute).
Bat eginda, munduko azpiegitura talde handietakoa eta Europako lehena sortuko da. Bien artean, zortzi herrialdetan banatutako 13.600 kilometroko autobide sarea, aireportuak eta Hispasat satelite sorta izango dute.