Ekonomia -

Abiadura Handiko Trena

'Euskal Y'a eta Nafarroa lotzeko beharra azpimarratu dute Tapia eta Ayerdik

Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko ordezkariek azpimarratu dutenez, Europarekin lotzeaz gain, Atlantikoko eta Mediterraneoko bi korridoreen arteko lotura ekarriko du.

Manu Ayerdik eta Arantxa Tapiak Abiadura Handiko Trenari buruzko lan bilera egin dute Iruñean. EFE
Euskadi eta Nafarroa bat datoz merkantzia garraiatzeko balio behar duela

1:35

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Euskal Y"aren eta Nafarroako Abiadura Handiko trenaren arteko lotura ardatz garrantzitsua dela nabarmendu dute gaur Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak eta Manu Ayerdi Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako presidenteordeak. Horien esanetan, "lehentasunezko" ardatza izateaz gain, Atlantikoko eta Mediterraneoko korridoreak lotzeko balioko du.

Ayerdik eta Tapiak lan bilera egin dute gaur Iruñean,"Euskal Y"aren eta Nafarroako Abiadura Handiko trenaren arteko loturaz hitz egiteko. Azaldu dutenez, lotura egiteko hainbat aukera daude, baina oraingoz ez dago ezer erabakita; izan ere, Espainiako Gobernuarena da trena eraikitzeko eta finantzatzeko eskumena.

Edozelan ere, bi ordezkariek bileraren ostean kazetarien aurrean adierazi dutenez, lotura egiterakoan hainbat kontu aintzat hartu behar dira: nazioarteko ezaugarriak, pertsonen eta merkantzien garraioa eta beharko diren gaitasunak.

Zentzuzko epe batean, laster, Nafarroako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko hiruko bilera izateko itxaropena agertu du Ayerdik. Ildo horretan, maiatzaren 25ean Iñigo de la Serna Espainiako Sustapen ministroarekin egingo duen bileran gai hori landuko duela hitzeman du.

Arantxa Tapiaren esanetan, "Euskal Y"a eta Nafarroaren arteko konexioa gauzatuz, Foru Erkidegoa Europa erdialdearekin lotzea izango da azken helburua. Gaineratu duenez, proiektu honen "baliorik garrantzitsuena" Europarekiko konexioa da.

Azpiegitura berriak bidaiariak garraiatzeko ez ezik, merkantziak toki batetik bestera eramateko ere balio behar duela azpimarratu du Tapiak, "gure sare ekonomikoari erantzuna emateko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Nafarroan EAE albisteak Ekonomia albisteak Gaurko azken ordukoa Abiadura Handiko Trena