Ekonomia -

2013an

Iberdrola ikerketapean, argindarraren prezioa manipulatu ote zuen argitzeko

Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak aurkeztutako salaketa onartu du Auzitegi Nazionalak. Fiskalaren ustez, konpainiak 20 milioiko irabaziak izan zituen prezioa larregi igota.

Guardia Zibila Iberdrolak Bilbon duen egoitzan izan zen atzo. EiTB
Bilboko Iberdrola dorrea. EiTB
Iberdrolak argindarraren prezioa manipulatu ote zuen ikertzen ari dira

1:22

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileak tramitera onartu du Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak Iberdrolaren kontra aurkeztutako salaketa. Hala, 2013ko neguan argindar konpainiak ustez egindako iruzurra ikertuko du. Hotz bolada baliatuta, Iberdrolak argindarraren prezioa gehiegi igo zuela eta "modu bidegabean" 20 milioiko irabaziak lortu zituela uste du Fiskaltzak.

Epaileak eskatuta, Iberdrolak Bilbon eta Madrilen dituen egoitzetan izan zen atzo Guardia Zibila, informazio bila. Argindar konpainiak ukatu egin ditu leporatutakoak, eta 2013an "zuhurtziaz eta zentzuz" jokatu zuela nabarmendu du.

Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak Auzitegi Nazionaleko 2. zenbakiko Instrukzio Epaitegian aurkeztutako salaketaren arabera, Iberdrolak merkatuaren eta kontsumitzaileen kontrako delitua (Zigor Kodearen 281. artikuluan jasota) egin zuen 2013ko azaroaren 30etik abenduaren 23ra.

Fiskaltzak uste du Iberdrolak argindarraren prezioa puzteko sistema asmatu zuela, "eskaria eta eskaintzaren lehia askearen ondorioz suerta litekeenaz harago". Salneurria igota, 20 milioi euro irabazi zituen "modu bidegabean", horren arabera.

Aurretik ere, isun administratiboa

Zigor bidea orain abiatu badute ere, aspaldikoa da auzia, eta 2015ean 25 milioiko isuna ordaindu behar izan zuen argindar konpainiak. Energia elektrikoaren handizkarien merkatua manipulatzea egotzita, Espainiako Merkatu eta Lehia Batzordeak (CNMC, gaztelaniazko siglak) ezarri zion zigorra. Iberdrolaren jokabidea "oso larri"tzat jo zuen erakundeak. Argindar enpresak helegitea jarri zuen, eta oraindik ebatzi gabe dago. Auziaren mamia argitzen duten arte, isuna etenda dago.

CNMCk orduan azaldu zuenez, Iberdrolak hainbat mugimendu egin zituen 2013ko azaroaren 30etik abenduaren 23ra, Duero, Sil eta Tajo ibaietako zentral hidraulikoen eskaintzen prezioa garestitzeko. Hala, 2014ko lehen hiruhilekoaren enkantea egin baino aste batzuk lehenago, garestitze handiak jazo ziren handizkarien merkatuan. Ondorioz, enkantearen prezioa % 26 igo zen, eta tarifarena, % 10.

"Irregulartasunak" atzemanda (manipulaziorik ez zuen ikusi orduan CNMCk), enkantea bertan behera uztea erabaki zuen Espainiako Gobernuak, eta argindarraren prezioa ezartzeko enkantearen sistema aldatu zuen gero.

Iberdrolak dio ez duela iruzurrik egin

Argindarraren prezioa "manipulatzeko iruzurrik" egin ez duela adierazi du Iberdrolak, eta Fiskaltzak leporatutakoak ukatu ditu. Konpainiako iturrien arabera, 2013an "zuhurtziaz eta zentzuz" jokatu zuen.

Hori horrela, Auzitegi Nazionalari eta Guardia Zibilari behar duten guztian lagunduko diela baieztatu du.

Erreakzioak

Argindar enpresa ikerketapean dagoela eta, Iberdrolari Bilbotar Ospetsu izendapena kentzea eskatu dio gaur EH Bilduk Udalari.

Alba Fatuarte koalizioko zinegotziak ohar batean adierazi duenez, izendapena "Bilboren izen onaren eta bilbotarren interesen alde egiten duten pertsona edo erakundeei eman ohi zaie. Irabaziak lortzeko neguko egun hotzetan argindarraren prezioa manipulatzea ez da, inolaz ere, bilbotarren interesak defendatzea".

Bestalde, FACUA kontsumitzaileen elkartea "pozik" agertu da Iberdrola ikertzen ari direlako. Izan ere, FACUAk gogorarazi duenez, 2015ean Bizkaiko Lurralde Auzitegian salatu zuten argindar konpainia, baina Fiskaltzak artxibatu egin zuen auzia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Iberdrola Iruzurrak berriak Salaketak albisteak Ekonomia Albisteak Energia berriztagarriak Kontsumoari buruzko albisteak Gizartea bideoak Hotz polarraren bolada Albisteak Gaur