Ekonomia -
Bizkaia
Urdulizko Metro-geltokia berriz zabaldu dute, bi urte eta gero
Lanetan 543 metro trenbide lurperatu dituzte; gainera, lehengo geltokia zegoen lekuan 6.000 metro karratu berreskuratu dituzte, urduliztarren aisiarako.
agentziak | erredakzioa
Urdulizko (Bizkaia) Metro geltokiko ateak berriz ireki dituzte gaur, apirilak 10, bi urtez itxita egon ostean, egindako lanengatik. Hala, Metroaren sarean zegoen trenbide-pasabide bakarra desagerrarazi egin dute.
Geltokia berriz irekitzeko ekitaldian izan dira Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua; Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia; Javier Bilbao Urdulizko alkatea, Antonio Aiz Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuordea; Vicente Reyes Bizkaiko Foru Aldundiko Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko diputatua; Aitor Garitano ETS-ko zuzendari nagusia; Manu Tejada BGPko zuzendari kudeatzailea; Eneko Arruebarrena Metro Bilbaoko zuzendari nagusia; eta Plentziako eta Sopelako alkateak, David Crestelo eta Gontzal Hermosilla, hurrenez hurren.
Lanetan 543 metro trenbide lurperatu dituzte, lehengo geltokia zegoen lekuan 6.000 metro karratu berreskuratuta, urduliztarren aisiarako.
Bizkaiko Garraio-Patzuergoak eta Eusko Trenbide Sareak gauzatu dute proiektua, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzarekin jarritako diruarekin; erakunde bakoitzak 10,5 milioi euro ordaindu ditu lanak egiteko.
Gaurko urratsaren ostean, behin betiko amaituko da Plentzia eta Sopelako geltokiak lotzeko ezarritako autobus-zerbitzua, obrek iraun duten 24 hilabeteetan martxan egon dena. 1.680.000 euro erabili dituzte zerbitzua eskaintzeko.