Ekonomia -

CiUren eta EAJren abstentzioa

Lan-erreforma babes barik onartu du PSOEk

Lan-merkatua erreformatzen duen lege-proiektua onartu du Kongresuko Lan Batzordeak, baina 33 zuzenketa erantsi dizkiote, eta aurrikusitako galerengatik kaleratzeak egiteko aukera barneratu dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Soilik PSOEren aldeko botoarekin, lan-merkatua erreformatzeko lege-proiektua onartu du gaur Kongresuko Lan Batzordeak. Egitasmoari 33 zuzenketa erantsi dizkiote talde politikoek, besteak beste, aurrikusitako galerengatik edo diru-sarreren murrizketarengatik kaleratzeak egiteko aukera.

Lege-proiektuak PSOEren babesa jaso du bakarrik. Bien bitartean CiU eta EAJ abstenitu egin dira, eta PPk, Talde Mistoak eta ERC-ICV-IUk kontrako botoa eman dute.

Alderdietako ordezkariek eskumen legegilearekin ekin dutenez, testua ez dute osoko bilkuran berretsi beharrik eta zuzenean Senatuari igorriko diote.

Arauak izandako tramitazio parlamentarioa deitoratu dute alderdietako bozeramaile guztiek, PSOEk azken orduan bultzatutako negoziaketak batez ere. Horrez gain, zuzenketak aztertzeko denbora falta kritikatu dute.

Babesa zuzenketa zehatzei

Taldeek zuzenketa zehatzak babestu dituzte, baina egitasmoa bere osotasunean ez dute onartu, sozialistek salbu.

Jose Ignacio Echaniz PPko bozermaileak Alderdi Popularraren kontrako botoa iragarri du, prozesua "bat-batekoa, kaotikoa eta histerikoa izan delako".

Bestalde, erreforma "ona, txarra edo erdipurdikoa" izango den ez dakiela onartu du Emilio Olabarria EAJko ordezkariak, baina kaleratze objektiboaren gaian PSOEren "hurbilketak" eskertu ditu.

Tramite parlamentarioa "arrakastarik gabeko ekintza" izan dela adierazi du Carles Campuzano CiUko diputatuak, eta "inor pozik joango ez" dela onartu du, izan ere, "oinarrizko gaiak alde batera geratu dira" eta "konfiantza mezu bat helarazteko saiakera, nekez lortuko da".

Kaleratze objektiboa

Kaleratze objektiboa aurrera eramateko arrazoi ekonomikoak zehaztu dituzte EAJk eta PSOEk zuzenketa baten bidez. Etorkizunean galerak aurrikustea edo diru-sarrerak gero eta txikiagoak izatea eta enpresaren bideragarritasuna arriskuan jartzea barneratzen ditu zuzenketak.

PSOEko iturriek jakinarazi dutenez, lan-merkatua erreformatzeko lege-priektuaren tramitazioan EAJk aurkeztutako alegazio bat aldatzen duen transakzio-zuzenketa da, eta jeltzaleek onartu egin dute.

Konkretuki, "enpresaren emaitzetatik egoera ekonomiko negatiboa dela ondorioztatzen denean arrazoi ekonomikoak egongo dira; galeren aurrikuspena, edo diru-sarreren murrizketa, enpresaren bideragarritasunari eragin diezaietelako, eta baita lanpostuak mantentzeko gaitasunari ere", zuzenketaren arabera.

"Ondorioz, enpresak emaitzak azaldu eta justifikatu beharko ditu, erabakia merkatuan lehiakortasuna mantentzeko baliagarria izango dela arrazoituz", eransten du zuzenketak.

Gobernuak onartutako lan-erreforma lege-dekretuaren arabera, arrazoi ekonomikoak egongo dira enpresaren emaitzetatik "egoera ekonomikoa negatiboa" dela ondorioztatzen denean.

Sindikatuak

Gaur onartutako lan-erreforma "azken 30 urteetan lan eskubideei egindako erasorik handiena" dela salatu dute CCOO eta UGT sindikatuek, eta gobernu "sozialista" batek egin duela azpimarratu dute, "enpresaburuen erakundeek txalotuta".

Komunikatu bateratu batean, Kongresutik atera den erreformak kaleratzea "errazten" duela adierazi dute sindikatuek, "errazagoa, azkarragoa eta merkeagoa bihurtuz".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea