Ekonomia -
Laguntza sozialak
Manifestazioa deitu dute larunbatean, Bilbon, DSBE defendatzeko
ELA eta LABek manifestazioa deitu dute laguntzak jasan dituen "murrizketak" salatzeko, "baldintza lotsagarriak dituzten lanpostuak hartzera" behartzen dutelako.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
ELA eta LABek, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako kide diren ESK, STEILAS, EHNE eta Hiruren laguntzarekin, manifestazioa deitu dute larunbatean, Bilbon, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) "lorpena eta garaipen soziala" defendatzeko eta laguntzak jasan dituen "murrizketak" salatzeko.
Horrez gain, abisatu dutenez, "baldintza lotsagarriak dituzten lanpostuak hartzera" behartzen dute laguntzak jasan dituen murrizketek. "Pobreak pobreen kontrako borrokara" heltzea ez dutela onartuko ere esan dute.
ELAko idazkari nagusiaren, Adolfo Muñozen, ustez, "Euskadin egiten ari diren politikak ez dituzte pertsonen bizi baldintzak hobetzera zuzendu".
Euskal Herriko aurrekontuak ixteko orduan, "EAJren, PSEren eta PPren, betikoen arteko akordioak" salatu ditu ELAko idazkari nagusiak. "PSEk, Patxi Lopez buru zuenean, DSBE jaitsi zuen, Urkulluk ez zuen ezer aldatu, eta orain, gobernuko bi kideek aurrekontuen inguruan PPrekin, DSBE gehien kriminalizatu duen alderdiarekin, akordioa lortzea erabaki dute", azpimarratu du.
Bestalde, LABeko idazkari nagusiak, Ainhoa Etxaidek, esan duen arabera, Eusko Jaurlaritzak egindako inkesta batek pobrezia arriskuak gora egin duela egiaztatzen du, kasu larrienak % 54ra heldu dira". Horregatik, nabarmendu duenez, langileen bizi baldintzen hiru pilareak hausten ari dira: "laguntzak, zerbitzuak eta merezitako lanpostuak".