Ekonomia -
2011ko Aurrekontuak
Urkullu: 'Ezinezkoa da PSOErekin egonkortasun akordioa sinatzea'
EAJko presidentearen esanetan, oraingoz ez dute hitzarmen hori sinatuko, autogobernuari buruz jeltzaleek egindako proposamenei erantzuna jasotzen duten arte.
Erredakzioa
Zapateroren Gobernuarekin elkarrizketarako prest jarraitzen dutela esan du gaur Iñigo Urkullu EAJko presidenteak, baina "egonkortasun akordiorik" ez dutela sinatuko azpimarratu du, baldin eta autogobernuari buruz egindako eskaerei erantzunik ematen ez badiete.
Bilbon egindako agerraldian, EAJk Madrilgo Kongresuan egindako proposamenei PSOEk emandako erantzuna baloratu du Urkulluk. Bere ustez, "atzerapausoa" eman zuen atzo PSOEk eztabaida horretan, EAJren proposamenak Gernikako Estatutuan "oinarritzen direlako". Beraz, Estatutua betetzeko "borondate politikorik ez dagoela" esan du EAJko buruak.
Hala ere, 2011ko Aurrekontu Orokorren negoziaketan EAJk izango duen jarrera ez du aurreratu, "negoziazioa ez delako hasi".
"Elkarrizketarako eta autogobernuaren inguruko akordioa lortzeko prest gaudela errepikatu behar dugu", errepikatu du. Hori bai, pilota Gobernuaren "teilatuan" dagoela azpimarratu du.
Bere hitzetan, "krisi orokorreko" garaietan "ezinbestekoak dira" akordio zabalak.