Ekonomia -
Akordioa
Peugeot-Citroenek Opel erosi du, Europako talde handiena sortzeko
Urtero bost milioi auto inguru ekoiztuko dituen talde berria sortzea ahalbidetuko du akordio horrek. Astelehenean emango dituzte xehetasun guztiak.
Agentziak | Erredakzioa
PSA taldeak eta General Motors AEBko automobilgintza enpresak akordio bat itxi dute ostiral honetan, azken horren eskumendeko alemaniarra (Opel) erosteko. Negoziaketak gertutik jarraitu dituzten iturri batzuk Reuters berri agentziari jakinarazi diotenez, Administrazio Kontseiluak erosketa hori aurrera eramateko baimena eman du.
Les Echos Frantziako hedabide ekonomikoak jakitera eman duenez, PSA taldeko kideek ezohiko bilera egin dute arratsaldean, konpainia horrek Parisen duen egoitzan. Bertan, Opelen erosketaren inguruan hitz egin dute.
Hala, General Motors automobilgintza enpresaren eskumendeko alemaniarraren salerosketak urtero bost milioi auto inguru ekoiztuko dituen talde berria sortzea ahalbidetuko du. Les Echos hedabideak aipatutako iturrien arabera, astelehenean azalduko dituzte ofizialki akordioaren xehetasun guztiak.
PSA taldeak ez du informazio horren inguruan inolako baloraziorik egin nahi izan, baina General Motorsekin izaten ari dituzten negoziaketek aurrera doazela ziurtatu dute. Gauzak horrela, zertxobait gehiago luzatu daitezkeen arren bide onetik doazela azpimarratu dute. PSA taldeko bozeramaile baten arabera, negoziaketak luzeak eta zailak izaten ari dira.
Hainbat urtez krisi ekonomikoak eragin handia izan ostean (Frantziako Gobernuaren laguntza beharrezkoa izan zen), PSA aurrera jarraitzeko indarra du egun. Iaz, 1.730 milioi euroko irabazia izan zuen, hau da, 2015ean lortutako irabaziak (899 milioi euro) bikoiztu zituen.