Ekonomia -
Lan-gatazka
Euskotreneko grebak % 100eko jarraipena izan du, sindikatuen arabera
Euskotreneko zuzendaritzak jarritako salaketa baten ostean egin dute 24 orduko greba deialdia. EAEko hiru hiriburuetan izango du eragina.
Agentziak | Erredakzioa
Euskotreneko tren, autobus eta tranbia zerbitzuetan gaurko deitutako 24 orduko grebak % 100eko jarraipena izan du sindikatuen arabera, eta % 21,8koa, berriz, enpresaren esanetan.
Sindikatuek ziurtatu dutenez, lanuztearen jarraipena erabatekoa izan da, gutxieneko zerbitzuak normaltasun osoz betetzen ari dira eta ez da aparteko gorabeherarik izan.
Enpresaren esanetan, lanuzteak eragin handiagoa izan du Amarako makinisten artean. Halaber, informazio eske ari diren erabiltzaile kopurua albo batera utzita, eguna aparteko gorabeherarik gabe igarotzen ari dela azpimarratu du zuzendaritzak.
Asteazken honetan hainbat aldaketa izaten ari dira Euskotreneko zerbitzuetan, langileek 24 orduko greba egiten ari direlako. Euskal Autonomia Erkidego hiru hiriburuetan idute eragina lanuzteek. Enpresa zuzendaritzak sindikatuak, Batzorde Iraunkorra eta Amara eta Araso lan egoitzetako greba batzordea osatzen duten langileak salatu ostean egingo dute greba.
Epaiketa gaur goizean izan da, eta Donostiako Epaitegien aurrean kartelada egin dute sindikatuek, protesta gisa.
Batzorde Iraunkorraren arabera, Euskotreneko zuzendaritzak jarritako salaketa "greba eskubidearen aurkako eraso argi bat" da. Langileez gain, greba batzordea eta enpresa-batzordean ordezkaritza duten sindikatuak salatu ditu Euskotreneko zuzendaritzak. Amara eta Araso lan egoitzetako greba batzordea osatzen duten langileen kontrako salaketa ustezko legez kanpoko deialdiagatik eta neurriz kanpoko erabileragatik jarri du Euskotreneko zuzendaritzak.
ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK Federazioek eta Independientes sindikatuek bat egin dute Euskotreneko Batzorde Iraunkorrak gaurko deitutako 24 orduko greba deialdiarekin. Gauzak horrela, egunean zehar Lurraldebusek zerbitzu bereziak eskainiko ditu.
Debabarrenan, Eibar-Ermua eta Donostia batzen dituen zerbitzuan nolabaiteko eragina izaten ari da greba. Era berean, Lekeitio-Donostia, Mallabia-Ondarroa eta Soraluze-Mendaro-Ondarroa lineetan aldaketak izaten ari dira.
Urola Kostan, Zumaia-Zarautz-Donostia (GI-634 errepidea zeharkatzen duena) eta Zumaia- Donostia lineetan (AP-8a zeharkatzen duena) izan dira aldaketa nabarmenenak.
Gainera, 24 orduko grebak aldaketak ekarriko ditu Zumaia-Orio-Donostiako Ospitalea linean.