Ekonomia -
Zama sektoreko gatazka
Zamaketariek martxoan grebara jotzeko abisua aurkeztu dute
Ostiral honetan Espainiako Gobernuak karga sektoreko erreforma onartzen badu eta negoziatzeari uko egiten badio, sindikatuek lanuzteak egingo dituzte martxoan.
Agentziak | Erredakzioa
Karga sektoreko sindikatuek martxoaren 6tik aurrera lanuzteak egiteko abisua aurkeztu dute, datorren ostiralean Espainiako Ministroen Kontseiluak erreformarako lege-dekretua inolako aldaketarik gabe onartzen baldi badu, grebara jotzeko.
Joan den astean Sustapen Ministerioa erreforma atzeratzeko prest azaldu zen, bi baldintza jarrita: sindikatuek aste honetarako iragarrita zuten greba bertan behera uztea eta negoziazio-prozesu bati ekitea.
Sindikatuek eskaintza onartu zuten eta gaur bildu dira lehendabiziko aldiz sindikatuak eta patronala. Bihar batzar gehiago izango dira. Lehendabizi, bitartekari lanetan ari den Marcos Peña Kontseilu Ekonomiko eta Sozialeko presidentearekin bilduko dira, bakoitza bere aldetik; eta ondoren guztiak batera batzartuko dira.
Greba-deialdiak aurrera egiten badu, martxoko lehen hiru asteetan egingo dituzte lanuzteak, astero hiru egunetan.
Antolin Goya Itsasoko Langileen Koordinakundeko arduradunak azaldu duenez, bitartekariak jakinarazi die ez duela ahalmenik izan lege-dekretuak aldaketarik egiteko eta Sustapen Ministerioak erreforma ostiral honetan aurkezteko asmoa duela.
Hori dela eta, grebara jotzeko abisua aurkeztea erabaki dute. “Enpresa eta langileen arteko gatazka bat izango balitz bezala jokatzen ari dira”, deitoratu du.
Goyak azpimarratu du negoziazio-prozesu bat abian jartzen bada eta Espainiako Gobernuak akordio bat egon arte lege-dekretua aurkezteari uko egiten badio, “lanuzteak deitzeko abisua erretiratuko genuke eta negoziatzen hasiko ginateke”.
“Negoziatzen ari garen bitartean dekretua ez onartzeko eskatu diogu Espainiako Gobernuari bitartekariaren bidez, bi aldeek negoziatzeko denbora nahikoa izan dezagun”, erantsi du.
“Gaur aurkeztu duguna abisua da, dekretua onartzen ez badute eta akordio batera heltzen bagara, grebarako dugun eskubideari uko egingo diogu”, zehaztu du Goyak.