Ekonomia -
Abiadura Handiko Trena
Astigarraga eta Irun arteko AHTko obrei hasiera emango diete gaur
Hirugarren erraila beharrezkoa da Abiadura Handiko Trena Donostiatik Baionara nahiz Parisera iritsi dadin.
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo de la Serna Sustapen ministroa Donostian izango da larunbatean, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuarekin batera, Astigarraga eta Irun arteko hirugarren erraila eraikitzeko obrak abiatzeko ekitaldian parte hartzeko. Obra horiek beharrezkoak dira Abiadura Handiko Trena (AHT) Donostiatik Baionara edota Parisera iritsi ahal izateko.
Ministroa Donostiako Loiolako Erribera auzoan izango da, eta, Tapiaz gain, Eneko Goia Donostiako alkatea, Jose Antonio Santano Irungo alkatea eta Zorione Etxezarraga Astigarragako alkatea izango ditu alboan.
De la Sernak eta Tapiak Abiadura Handiko Trenari bultzada eman nahi diote horrela, abenduan Bergarako lotunea desblokeatzeko akordioa lortu ostean, AHTa hiriburuetara iristeko aurrerapausoak emateko.
Astigarraga eta Irun arteko hirugarren erraila egiteko lanak 2016ko apirilean esleitu zituzten, 20,4 milioi euroren truke, eta tunelak, egitura metalikoak, geltokiak eta geralekuak zabalera mistora moldatzea dakar.
Abiadura handiko konexioa Baionarekin edo Parisekin posible egiteko, Donostia eta Irun arteko azpiegiturak berritzeko lanekin hasi zen. 40 milioi euroko inbertsioa behar izan zen, hirugarren erraila instalatzea ahalbidetzeko.
2015eko abenduan, hainbat proiektu osagarri lizitatu ziren, 46 milioi euroren truke, Irungo geltokiko katenaria berriztatzeko eta Hernani eta Irun arteko sare konbentzionaleko seinaleak egokitzeko.