Ekonomia -
EAEn eta Nafarroan
Sektore publikoko soldata murrizketen aurka helegitea aurkeztu du ELAk
Horrez gain udaletxeetako, aldundietako, itunpeko irakaskuntzako eta enpresa publikoetako soldata murrizketen aurka errekurtsoa aurkeztea ikertzen dabil sindikatua.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Gobernuaren neurrien aurka helegitea aurkeztu duela iragarri du ELAk, soldatak murrizten dituztelako eta "enplegua suntsitzen" dutelako.
"Askatasun sindikalaren eta negoziazio kolektiboaren eskubidea" urratzen dutenez, gobernu bien legeak bertan behera uztea eskatu dutela azaldu du sindikatuak ohar batean.
Gobernuaren esku hartzea dela eta, sektore publikoan "beteko ez diren" negoziazio kolektiboko hitzarmenak daudela gogorarazi du ELAk. Halaber, Gobernu zentralak onartutako doitze neurriei dagokionez, exekutibo biak "gehiegikeriaz jokatu" dutela iritzi du sindikatuak.
Hasiera batean aurreikusitakoaren aurka, Eusko Jaurlaritzak onartutako presako legeak langile publiko guztien oinarrizko ordainsaria murrizteaz gain, ordainsari gehiagarria ere doituko duela salatu du ELAk.
Hori horrela, udaletxeetako, aldundietako, itunpeko irakaskuntzako eta enpresa publikoetako soldata murrizketen aurka errekurtsoa aurkeztea ikertzen dabilela ohartarazi du sindikatuak.