Ekonomia -
Zoru klausulak
Zoru klausulak atzeraeragin osoz itzultzea ebatzi du Auzitegi Gorenak
Epaitegiak BBVAren tesia baztertu du. Beraz, hipoteka sinatutako unetik zoru klausulen bidez kobratutako gehiegizko diru guztia itzuli beharko dute bankuek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Zoru klausulen bidez kobratutako gehiegizko diru guztia itzuli beharko diete bankuek kaltetuei. Auzitegi Gorenak aurrez Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak ebatzitakoa berretsi du eta, beraz, hipoteka sinatu zenetik gaur arteraino kobratutako gainkostua itzuli beharko dute.
BBVA bankuak helegitea aurkeztu zuen epaitutako auzia zela argudiatuta, alabaina, Auzitegi Gorenak BBVAren tesia baztertu du. Lehenik, ekintza indibiduala dela argudiatu du. Bigarrenik, orain epaitutako auzia eta 2013an Gorenak ikertutakoa ezberdinak direla adierazi du. Hirugarrenik, berriz, orduan finantza erakundea Caixa d'Estalvis Comarcal de Manlleu zela eta ez BBVA.
Argudio horiek guztiak aintzat hartuta, Bartzelonako Probintzia Auzitegiaren epaia baieztatu du Gorenak. Zoru klausulen bidez gehiegi kobratutako dirua hipoteka sinatu zenetik itzultzea ebatzi zuen aipaturiko epaitegiak, eta BBVAk helegitea aurkeztu zuen Gorenean.
Gorenak epaiaren berri eman die aldeei. Halaber, ez du uste auzia Europar Batasuneko Justizia Auzitegi Nagusira eraman behar denik, BBVAk eskatu bezala. Datozen egunetan ezagutuko da epaiaren testu osoa.
BBVAko iturriek azaldu dutenez, Auzitegi Gorenaren ebazpena errespetatu eta beteko dute, "erreserbarik gabe". "Epaia jasotzen dugunean erantzungo diegu erreklamazioei", gaineratu du.